Jaiotzen erakusketa igandean

Guaixe 2017ko urr. 13a, 13:21

Gasteizek belenzaleen kongresua hartuko du eta sakandarren lana ikustera etorriko dira Olatzagutiara. Jaiotzak publiko guztiarendako ikusgai izanen dira igandean, 18:00etatik 20:00etara.

55. Belenisten kongresu nazionala Gasteizen atzo hasi zen eta igandera arte luzatuko da. Sakanako belenzaleen elkartearen lanaren kalitatearen jakitun, antolakuntzak Olatzagutirako bisita antolatu du gaurko. Felipe Oranbengoak azaldu digunez, 200 bat pertsona espero dituzte gaur. “Gure lanari aitortza handia egiten zaio horrekin”. Sevilla, Valentzia edota Kataluniako jendeak ezagutzen du sakandarren lana, baina askok eta askok oraindik ez.

Euren lana egoki erakusteko Sakanako belenzaleen elkarteak hiru erakusketa prestatu ditu aurreko urteetan egindako jaiotzekin. Euren egoitzan dozena bat diorama izanen dira, aurreko urteetako jaiotzak berrerabiliz osatutakoa. San Sebastian ermitan beste 10 diorama ikusgai izanen dira. Eta, azkenik, Sutegiko gimnasioan 11 arketa (jaiotza txiki) erakutsiko dituzte. Bisitan zehar eginen dizkieten galderei erantzuteko prest izanen dira sakandarrak. Bisitariek sakandarren lana ikusi ondoren, Olatzagutian bazkaltzera geldituko dira.

Erakusketa
Sakandarrak larunbatean joanen dira Gasteizera. Sekula ez dira halako kongresu batean egon. Euren asmoa hitzaldi bat entzutea, Gasteizen jarritako jaiotzak bisitatzea, bazkaltzea eta belenzaleen azoka bisitatuko dute. Azken horretan “artisauek zer pieza eginak dituzten ikusiko dugu. Eskaerak ondoren egiten ditugu”, azaldu digu Orabengoak.

Olaztiarrak azaldu digunez, kongresua dela eta aurten korrika eta presaka aritu dira aurreko urteetakoa egokitzen. Kongresurako prestatu duten erakusketa Sakanako belenzaleen elkarteak abendu guztietan egiten duena izanen da. Orabengoak aurreratu digu euren egoitzakoaz aparte, San Sebastian ermitako erakusketa erakusgai izanen dira abenduan eta ilbeltzean.