Sakandarren lanak beste belenzaleen aitortza jaso zuen

Guaixe 2017ko urr. 17a, 10:26

Estatu guztiko 200 bat belenzalek sakandarrek egindako lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Pasa den asteko zubia baliaturik Gasteizen estatuko 55. kongresua antolatu zen eta gertutasuna baliatuta, Sakanako belenzaleen elkartearen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera baliatu zuten. “Lan handia dago hemen, ez da harritzekoa ongi gelditzea” izan zen bisitarietako batek esan ziguna. Beste batek sakandarren lanaren kalitatearen aditzea bazuen, baina ikusitakoak entzundakoa gainditzen zuela gaineratu zuen beste batek.

Sakanako belenzaleen elkartekoek euren egoitzan dozena bat diorama jarri zituzten, San Sebastian ermitan beste 10 eta Sutegiko gimnasioan 11 arketa (jaiotza txiki). Ostiralean kongresuko kideendako zabaldu bazuten, domekan publiko guztiarendako. Bi ordu izan ziren eta bisita ugari izan zituztelako pozik zegoen Felipe Orabengoa. Bisitarien artean kongresutik bueltan zihoazen Iruñeko belenzaleen elkarteko kideak izan ziren.

Sakandarrak Gasteiza larunbatean joan ziren. Han ikusgai jarritako jaiotzak ikusi eta irudien azokan artisauekin azken berrikuntzez hizketatu ziren. Bidaiak “jendearekin harremanak berritu eta aditzez ezagutzen genuenekin aurrez aurre egoteko aukera izan genuen”, gaineratu du Orabengoak. Egoitzako eta ermitako erakusketak abenduan berriro ikusgai izanen direla jakinarazi zigun.