1936ko estatu kolpearen ondorioz Urbasan eraildako pertsona asko identifikatu dira azken bi urteetan. Horretan guztian oso lagungarriak izan dira, besteak beste, Balbino Garcia de Albizu Jimenez ameskuarrak eta Amaia Urkijo Artola altsasuarrak egindako ikerketak. Biek ere fusilatutako senideak dituzte. Garcia de Albizuk, gainera, bere ibarreko historia-memoria liburu batean jaso nahi zuen.
Baina Urbasan gertatutakoagatik Garcia de Albizuk Ameskoako mugak gainditu behar izan zituen. Horregatik, ¿Qué hicimos aquí en el 36? La represion de civiles en retaguardia por su ideología en las Améscoas y Urbasa liburuan kapitulu zabalenetako batek El matadero de Urbasa izenburua du. Balbinok berak esan zigunez, “Etxarri Aranazko eta Olatzagutiko kontu asko daude, Altsasukoak ez hainbeste”. Horrek, Olatzagutiko memoria taldeak Garcia de Albizuren 1936. La verdad no prescribe hitzaldia ematera gonbidatu du. Larunbatean izanen da, 19:00etan, kultur etxean.
Erakusketaren osagarri, memoria taldeak 1936. Zer gertatu zen Olaztin? erakusketa prestatu du. Hartan 1936an eta ondorengo urteetan olaztiarrek jasandako errepresioari buruzko hainbat dokumentu ikusgai izanen dira. Bihartik hilaren 30era arte izanen da ikusgai kultur etxeko 1. pisuko 2. gelan; astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta domeketan, 12:30etik 14:00etara.
Olatzagutiko memoria taldeak joan den urtean jakinarazi zuenez aipatutako garaian 17 olaztiar erail zituzten (gazteenak 17 urte zituen); beste bost frontean hil ziren; gutxienez 27 olaztiar espetxeratu zituzten eta batzuk lan-zelaietan lanean aritzera behartu zituzten; bost funtzionariok lanpostua galdu zuten; gutxienez 10 olaztiarri ondasunak kendu zizkieten; bi errefuxiatu egin ziren eta 11 emakumeri ilea moztu eta publikoki umiliatu zituzten.