Olatzagutiko memoria taldearen partaidea den Txaro Otxandorenak esan digunez, erakusketa 50 dokumentuz osatuta dago. Bertan orain arte lortutako dokumentuak ikusgai daude. Haien artean herriko errolda, udaletxeko aktak eta industrialdeko historiak topa ditzake bisitariak, eta horiei esker herrian zein familiak bizi ziren, udaletxean zein alderdi politiko zeuden eta, Cementoseko langileei esker, mugimendu sindikalista handia zegoela jakin dezakegu.
Dokumentuen bilketa testigantzei esker lortu da. Memoria taldekoek testigantzak jaso eta egiaztatu egiten zituzten udaletxean bertan edo Nafarroako artxiboetan dauden dokumentuekin. Balbino Garcia de Albizuren laguntza ere oso garrantzitsua izan da bilketan. Izan ere, Garcia de Albizuk argitaratu duen liburuan Urbasako gertakariei erantzuna ematen saiatzen da, bertan Olatzagutiko eta Sakanako beste herriko kasuak islatzen dira.
Bukatzeko, taldekoek herrian ikusmin handia dagoela azpimarratu zuten. Baina erakusketak soilik orain arte jasotako informazioa argitaratzen duela eta horrek ez duela esan nahi lana amaituta dagoenik ere adierazi zuten. Taldeak egia argitzearren lanean jarraituko du.
Bestalde, Kale Nagusiko 36. zenbakiko etxean dagoen Pablo Picassoren Guernicaren erreprodukzioa zaharberritu dute asteburuan. Pintura ikastaroko parte-hartzaileek eta herritar batzuek egin dute lana, Memoria Taldearen ekimenez. Murala 1987an margotu zuten Gernika batzordekoek, Bizkaiko herriaren bonbardaketaren 50. urteurrena bete zen urtean.