Igandean mota guztietako txoriak ikusteko aukera izango dugu Olaztin. Hain zuzen ere, Aralar Mendia Ornitologia elkarteak eta Olaztiko Udalak II. Txori Erakusketa-Trukaketa antolatu dute, igandean Olaztiko frontoian. Horretarako Olaztiko tabernak biltzen dituen Infernuerreka elkartearen, Agricola Corellanaren eta Txartelen babesa izan dute.
Goizeko 9:00etatik 14:00etara burutuko da erakusketa ornitologikoa. Txori hazleek euren txori preziatuenak ekarriko dituzte, eta haiek erakusteaz gain, beste hazle batzuekin trukaketak egiteko aukera izanen dute. Antolakuntza lanetan ibiliko dira Sergio Flores eta Raul Lopez “Patxu”, besteak beste, baina erakusketa-trukaketan ere bere txoriak erakutsiko dituzte. Patxuk zaletasunarengatik hezten ditu txoriak, kanarioak bereziki. Hazle ona da, hainbat sari lortu baitituzte haren txoriek.
Txoriena mundu oso konplexua da. 500 espezietik gora daude. Aurreko urtean ere ornitologia erakusketa egin zuten Olaztin eta oso arrakastatsua izan zen, jende asko pasa izan zen bertatik eta 39 txori hazleek ekarritako kanarioak, txorru arruntak, agaporniak, loroak, diamante de gul delakoak, txolarreak eta beste ikusteko aukera polita izan zen. Txorien trukaketa ere handia izan zen orduan. Igandean atzera ere topaketa txukuna egitea dute helburu, eta sakandarrak bertatik pasatzea gonbidatu dituzte, txorien mundua gertutik ezagutzeko.
Patxuren berderoi batek urrezko saria jaso du Iruñean
Nafarroako Ornitologia Erakusketa-Lehiaketa burutu zen Gabonetan Burlatako Uranga Jauregian. Tartean Raul Lopez “Patxu” olaztiarrak 5 txori eraman zituen. Bertan jarri zituen ikusgai, eta, bitartean, epaileek bertara aurkeztutako ia mila txoriak aztertu ikuskatu eta epaitu zituzten. Atzera ere aipatu txapelketatik sari borobilarekin itzuli zen olaztiarra, bere kanario isabela berderoi edo txirriskila batek Nafarroako Txapelketako txori onenaren saria jaso baitzuen bere kategorian. Aurreko urtean bi urrezko izendapen, bi zilarrezko eta brontzezko bat jaso zituen.