Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketa asteburuan hasiko da, Sakanan. Hain zuzen ere, Sakana Patin Taldeak larunbatean Olaztiko Erburua kiroldegian jokatuko den proba antolatu du, Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketa zabalduko duena. Horretarako Nafarroako Irristaketa Federazioaren eta Olaztiko Udalaren laguntza izan du Sakanako Irristaketa Taldeak. Nafarroako irristaketa klub ezberdinetako ehundaka irristalari espero dira, tartean Sakana Patin taldekoak.
Goizeko 10:00etan hasiko dira irristalariak lanean. Kategoria ezberdinetako linea lasterketak eta taldekako errelebo probak egongo dira jokoan. Mini, aurrebenjamin, benjamin, kimuak eta haurrak kategoriako lasterketak izanen dira. Hasieran serieak jokatuko dira eta, ondoren, finalak.
Irristaketa sustatzea, hori da Sakana Patin taldearen helburuetako bat, irristaketa probak bulkatzearekin batera. Bestalde, Sakanan pista bat egiteko beharra ikusten dute eta irristaketarako araudizko pista bat sortzea da beraien beste asmoetako bat, irristalariek baldintza egokietan entrenatu ahal izateko.
Basauriko Indoorretik sariz lepo itzuli dira sakandarrak
Igandean Basauriko V. Indoorra jokatu zen, Basroller taldeak antolatutakoa, Urbi kiroldegiko tarimazko zoruaren gainean. Sakana Patin taldekoak bikain aritu ziren. Kimuen maila mistoan Oier Ormazabal (Sakana Patin) etxarriarra txapelduna izan zen, Maitane Igoa (Lagunak) etxarriarraren eta Iratxe Lapuente (Sakana Patin) ziordiarraren aurretik. Jubenilen mailan Anne Lapuente (Lagunak) txapelduna izan zen, eta gizonezkoen maila absolutuan Unai Villalobos altsasuarra (Lagunak) bigarrena sartu zen helmugara, meritu handiz. Master mailan Oscar Zamarrón altsasuarra, Sakana Patin taldeko kide eta entrenatzailea bigarrena sartu zen ere. Eta, bukatzeko, amerikar erako erreleboetan Ana Rita Correia altsasuarrak eta Anne Lapuentek osatutako bikoa lehendabizikoa sailkatu zen bere mailan.