San Sebastianen eguna ospatu zuten olaztiarrek larunbatean. Eguerdiko mezaren ondoren auzatea izan zen Portuko kalean dagoen ermitan. Arratsaldean, berriz, arrosarioaren ondoren elkartu ziren haur eta helduendako txokolate beroa zegoen. Eguna amaitzeko, iluntzean, frontoian ardo eta gazta banaketa egon zen, triki doinuez alaituta.
Larunbateko otoitzaren ondoren San Sebastian ermitak ateak itxi zituen, otsaileko lehen larunbatera arte. Izan ere, ermitak hilero, aurreneko larunbatean, 19:00etan, meza hartzen du. Ermita ongi kontserbatzeko lanak auzoko andreek egiten dituzte. Ermita garbi mantentzeko arduradunak Fermina Vicente eta Valentxu eta Clarita Lopez ahizpak dira. Hauek, nahiz eta adin nagusikoak izan (nagusiena 89 urte ditu), santuari debozio izugarria diote.