Ihote ospakizunak sustatzeko, duela sei edo zazpi urte Herri Ihote Batzordeak egindako dokumentala emanen dute bihar, 19:00etan, kultur etxean. Bigarren emanaldia otsailaren 9an izanen da toki eta ordu berean. Mari Arrokaren inguruan plazan egindako antzezpeneko eta herri ihoteko irudiez osatuta dago. Haien bidez olaztiarrek festa nola ospatzen duten azaltzen da. Ordu bat inguruko lana da eta bere garaian DVDak salgai jarri ziren. Kopiaren bat gelditzen da eta eskuragarri jarriko dute ere.
Bestalde, herri ihotean zamarrandi edo zamartxikiz mozorratu eta larrurik ez dutenek udaletxean jaso ditzakete. Asteartetik otsailaren 7ra arte, 10:00etatik 14:00etara izanen da horretarako aukera. Lehentasuna izanen dute 13 urtetik gorako pertsonek, gazte eta helduen parte-hartzea bultzatzeko xedearekin. Hartzaileek, hori bai, 20 euroko bermea jarri beharko dute eta ihoteen ondoren larrua bueltan eraman beharko dute.