Aurreko larunbatean Fernando Urra olaztiarrak 2017ko Espainiako Supermotard Txapelketako SM Master mailako txapeldunaren saria jaso zuen, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan burututako ekitaldian. Horretaz gain, 2017an Olaztiko pilotuak modalitate berbereko Kataluniako Txapelketako lehen postua lortu zuen, SM3 mailan. Iazkoa denboraldi bikaina izan da Urrarendako eta, egun, Espainiako Supermotard Txapelketako SM Master mailako txapeldun bikoitza da.
Aurtengo Espainiako Supermotard Txapelketa oso estua izan da. Azkeneko lasterketara soilik 5 puntuko aldearekin iritsi ziren Fernando Urra (257 puntu) eta bere arerio nagusia, Jose Luis Hernandez (252 puntu). Azkeneko proba Leonen jokatu zen, La Bañezan prestatutako zirkuitu ikusgarrian. Zirkuituko trazatuekin arriskatu egin zuen antolakuntzak, eta aurrerapenak egitea lan oso nekeza izan zen pilotuendako. Hiru manga osatu behar izan zituzten pilotuek, eta lehendabizikoan eta bigarrenean gauzak ez ziren ongi joan Fernando Urrarendako. Lehen postua galdu zuen Urrak, Hernandezek bi mangak irabazi zituelako eta Urra bigarrena sartu zelako. Nahiz eta Hernandez baino azkarrago joan, zirkuitu horretan oso konplikatua izan zen aurreratzea, eta saiakera horretan erorketaren bat eta guzti izan zuen olaztiarrak. Hirugarren mangan, Hernandez 5 puntu aurretik zuela, irabaztea eta arerioa hirugarrena sailkatzea zen Urraren aukera bakarra txapelketa irabazi ahal izateko. Dena eman zuen olaztiarrak, ongi atera zitzaion eta proba irabazteaz gain arerioa hirugarrena sailkatu zenez, Espainiako Txapelketa lortu zuen.
Leongo proba txapelketako azkena izan zen, baina, aurretik, Alcarrás (Lleida) zirkuituan bitan lehiatu zen olaztiarra. Maiatza hasieran jokatutako probako hiru mangak irabazi zituen Urrak eta maiatza bukaeran jokatutako 3 mangetatik lehenean bigarrena izan zen eta beste bitan, aldiz, hirugarrena. Jerez de la Fronteran (Cadiz) jokatutako lasterketan 40 graduko tenperaturarekin lehiatu behar izan zuten pilotuek, eta manga batean lehena eta beste bitan bigarrena sailkatu zen olaztiarra. Horretaz gain, Galiziako Pontevedrako Forcarein euripean lehiatu behar izan zuten pilotuek, lainopean. Bi bigarren postu eta lehen postu bat lortu zituen bertan. Txapelketa, esan bezala, Leongo La Bañezak erabaki zuen, olaztiarraren alde.
2018ko asmoak
Aurten Europako Supermotard Txapelketako bi probatan ariko da Fernando Urra, Valentzian eta Andorran jokatuko direlako. Gainontzeko probak Italian, Grezian eta Polonian jokatuko dira, eta bertan ez du aritzerik izanen, aurrekontu eta azpiegitura kontuengatik. Horretaz gain, Espainiako Supermotard Txapelketan ariko da beste behin, bere Husqvarna FS 450 motorrarekin. Ea hirugarren txapelketa lortzerik duen.