Olaztiko herri inauteriak bihar

Guaixe 2018ko ots. 9a, 13:25

Larunbatean Zamarraundiak, zamartxikiak, iratxoak, basaldunak eta bestelako pertsonaiak kalera

Mende erdiz isilduta egon ondoren, duela 26 urte berreskuratu zituzten Olaztiko Ihoteak. Aurreko urtean, 25. urteurrena zenez, modu berezian ospatu zituzten herri inauteriak eta hainbat herritako pertsonaiak gonbidatu zituzten. Esperientzia bikaina izan zenez, aurten ere gonbidatuak ekartzea pentsatu dute. Horrela, Olaztiko bertako Zamarraundi, Zamartxiki, iratxoak, Mari Arroka, medikua, alkatea, apaiza, behizainak, basozainak… eta halako pertsonaiekin batera, Ahnauzeko Basaldunak izanen dira larunbatean Olaztin. Larunbatean 18:30ean aterako dira kalera.

Aurreko ihoteak
1937. urtean Francok inauteriak debekatu zituen, “inmoralak” omen zirelako. Olaztiko inauterietan berreskuratze lanak egin zituen Adelaida Kintanak kontatu zigunez, aurretik Olaztin hiru egunetan ospatzen ziren ihoteak. Lardero egunean, ostegunean, ahuntzainak, basozainak eta behizainak etxez etxe joaten ziren, bi eskaintza zereal eman behar zituztelako haien langileei. Etxekoandreek ere jakiak eramaten zizkieten, eta ondoren merendua edo bazkaria egiten zuten, haurrek eta ttunttuneroek lagunduta. “Horregatik guk berreskuratutako ihoteetan ateratzen diren lehenengo pertsonaiak haiek dira, alkatea, apaiza, medikua, behizainak, ahuntzainak, basozainak… Suziria botatzen dute eta orduan hasten gara segizioarekin” azaldu zigun Kintanak. Beste egun batean Zamartxikiak ateratzen ziren. Ardilarru bakar batez bizkarrean, bururaino, janzten ziren. Aurpegia beltzez margotzen zuten eta gero harrapatzen zuten edonori muxua bezala emateko gerturatzen ziren, baina, aurpegia zikintzen zioten. Kamantxilak eramaten zituzten eta zarata handia egiten zuten. Jendeari edozein gauza botatzen zioten: errautsak, lurra... harrapatzen zutena.

Zamarraundiak asteartean ateratzen ziren, egun handian, garizuma aurreko egunean. Horiek bi ardilarru eramaten zituzten, bat aurretik eta bestea atzetik. Aurpegia zapi txuri batez estalita eramaten zuten; ipurukoa, farak edo joareak eta gona eramaten zuten ere. Zarata handia egiten zuten: jendeari bazetozela eta egurra eman behar zutela abisatzeko. Makila edo egurrezko sardea eramaten zuten. Haurrek ere korrika egiten zuten eta lelo bat kantatzen omen zuten. “Pasa den mendearen hasieran, gizon batzuek gurdi bat atera zuten. Gurdia ongarriz beteta zegoen. Gaur egun ongarria botatzea ez da bidezkoa, ezinezkoa da, horregatik lurra edo zerrautsa botatzen dugu. Gurdi hau idiak bezala eramaten zuten eta labaderora edo iturrira joaten ziren ura edatera. Zamarraundiek egiten zuten” kontatu zigun Kintanak.

Hiru eguneko ospakizun horiek egun batean bildu zituzten olaztiarrek duela 26 urte inauteria berreskuratu zutenean. Mari Arroka ere gehitu dute segiziora. Ihote Batzordeak eta Olaztiko Udalak antolatzen dute herri inauteria.

Asteartean txikien merenduola eta sardina-erretzea
Astearte inauterietan Olaztiko txikienak mozorrotzen dira. Beraiendako ikuskizuna eta txokolate-jana izanen da. Gauean, aldiz, sardinaren irteera eta sardina-erretzea eginen da.

Egitaraua
Otsailak 10, larunbata
14:30ean Herri bazkaria frontoian. Postrerako torrija lehiaketa.
18:00etan Janzteko elkarretaratzea frontoian.
18:20ean: Futbito pistaraino kalejiran
18:30ean: Herri ihoteak futbito pistatik. Gonbidatuak: Anhauzeko Basaldunak
20:00etan Zortzikoa plazan. Ondoren, salda eta poteoa txarangarekin.

Otsailak 13, asteartea
17:00etan Merenduola eta Pac-Man Dantz pilotalekuan.
21:30ean Sardinaren irteera eta erretzea. Torrijak gaztetxean.