Aurreko asteburuan herri inauteriak ospatu eta gero, bihar hiri inauterietan murgilduko dira olaztiarrak, Ihote Batzordeak eta Olaztiko Udalak antolatuta. Olaztin oso gustuko dute mozorratzea, eta eguerdi partean desfile ikusgarria egiten dute koadrilek, gurdi eta guzti. Ondoren, guztiak biltzen dira bazkaltzera eta parrandak ordu txikiak arte irauten du.
III. Mozorro-lehiaketa
Mozorro lehiaketan koadrilek, taldeek eta 14 urtetik gorako lagun guztiek hartu ahalko dute parte. Izena ematea futbitoko pistan eginen da, 12:00etan. Mozorroak originala izan beharko du, beste inongo desfilean inoiz parte hartu gabea. Epaimahaia bi zinegotzik eta Kultura eta Jaiak lan taldeko kide batek osatuko dute. Horretaz gain, parte-hartzaile bakoitzak erabakian parte hartu ahal izango du: talde edo parte-hartzaile bakoitzak gehienez 20 puntu eman ahalko dizkie 3 talderi edo parte-hartzaileri. Jakina, talde batek ezin izango dizkio aipatu boto horiek bere buruari eman. Epai mahiak originaltasuna, mozorroan egindako lana, antzezpena eta mozorroaren osagarriak baloratuko ditu.
Lehen saria 150 eurokoa da, bigarrena 100 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa.
Egitaraua
Otsailak 17, larunbata
12:00 Mozorro lehiaketarako izen-ematea futbito pistan. Ondoren, karrozen irteera.
14:30 Bazkari herrikoia frontoian.
17:00-19:30 Los Pasai txaranga.
19:00-23:00 Musika: DJKI.
20:00 Mozorroen lehiaketako sariak dantzaldian.