Galdu ezin den bertako musika-komedia

Guaixe 2018ko api. 20a, 11:23

Euskal musikaren benetako istorioa ezagutzeko Olatzagutiko kultur etxean, bihar, 20:00etan

Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek euskal musikaren imajinarioan murgilduko gaituen antzerki-ikuskizuna dakarte: Ez dok hiru. Antzezlanean aktoreak bi musika maisu bereziren larruan sartuko dira. Eta pertsonaien modukoa da obra ere: eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Nahiz eta, “azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario”.

Bien arteko elkarrizketa da lanaren ardatza. Hitzezko umorea, esaldi motz eta pikatuak, azkarrak, eroak dituenak; euskara, euskal jendartea edo kultura mintzagai dituena. Euskal musika hizpide hartu bai, baina haren makina bat kanturen zatiak entzuteko aukera izanen da, eszena-tokian hiru musikari izanen baitituzte lagun: Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga eta Ivan Allue. Haiek ere, hala holakoak.

Patxo Telleriak idatzitako gidoia du obrak. Hor galderak: Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira —zatiak, noski!"