Etxe eta baratzetarakoak plazan izanen dira

Guaixe 2018ko mai. 11a, 13:23
Jendea lore artean.

Olatzagutiko lore eta landare azokaren 11. edizioa hartuko du igandean San Migel plazak. Salmenta postuak eta haurrendako tailerra ere izanen da. Eta eguna borobiltzeko Puro Relajo mariatxiaren emanaldia izanen da kultur etxean, 19:00etan.

Eguzkiak zeruan gero eta bide handiagoa eginda, udaberria aurreratua eta natura mugituta. Garai egokia etxeetan loreak jarri eta baratzetako lanei heltzeko. Horretan guztian laguntzeko asmoz Olatzagutiko Udalak 11. aldiz lore eta landare azoka antolatu du iganderako. 10:30etik 14:30era San Migel plazatik pasatzen denak zortzi salmenta postu opatuko ditu. Gainera, 11:00etatik 14:00etara haurrek euren koloniak egiteko aukera izanen dute, horretarako propio tailerra antolatuta baitago. Eguraldiak lagunduko ez balu azoka Erburua kiroldegian eginen litzateke.

Zer izanen da?
Segurako negutegikoek baratzerako landareak, loreak eta lore-ontziak salduko dituzte. Arbeizako Alivia tailerrekoek aromaterapiako produktuak, yoga kuxinak eta zaku termikoak. Aramako Urretabizkaia lore-dendak sasoiko landareak eta zuhaixkak ekarriko ditu. Arbizuko Erlanek erlauntzetatik ateratako produktuak jarriko ditu salgai. Usurbilgo Urtinean lore eta landareak izanen dira. Aginagako Aranburu mintegiak, berriz, zuhaixka apaingarriak eta sasoiko landareak izanen ditu. Artiedatik etorritako artisauak gako-orratzez egindako bitxi-loreak eta, azkenik, Gasteizko Gure Lurrak sendabelarrak eskainiko ditu bere postuan.