230 ikasle Sakanako ikastetxe arteko XIV. Herri Kirol Topaketan

Guaixe 2018ko mai. 21a, 10:43

Sakanako Mankomunitateak antolatu du topaketa, Sakanako ikastetxeekin batera, Olaztiko Erburua kiroldegian

Aurreko asteazkenean Olaztiko Erburua kiroldegiak Sakanako ikastetxe arteko XIV. Herri Kirol Topaketa hartu zuen. Lehenik eta behin, Pello eta Julen Kañamares aita-semeak aizkora eta trontza erakustaldia egin zuten eta ondoren hasi ziren ikasleen arteko herri kirol proba konbinatuak.

Ekitaldian LH 6. mailako 230 ikaslek hartu zuten parte, eta 18 irakasle izan zituzten alboan, laguntza lanetan. Ikastetxe ezberdinetako ikasleak nahasiz sortu ziren taldeak, herri eta ikastetxe ezberdinen arteko harremanak sustatzeko. Koxkolak, txingak, zaku lasterketa, lasterketa, giza-plaza eta sokatira landu zituzten. Primerako giroan, talde guztiek animo ederrak jaso zituzten.

Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu zigunez, ez da sailkapenik egiten, herri kirolak sustatzea, herri kiroletan parte-hartzea eta jai giroa bulkatu nahi direlako. Gainera, guztiei gosari osasuntsua eskaini zien Mankomunitateak. Antolakuntza lanetan, ikastetxeetako irakasleez gain, Sakanan herri kiroletan ezinbestekoak diren Jesus Mari Arza eta Jexus Senar ibili ziren.