Olaztiarrak fin Fiteroko Rallyan

Guaixe 2018ko eka. 21a, 13:46

Iban Lopez de Goikoetxea eta Javier Goikoetxea olaztiarrak 40 talderen artean 11.ak izan ziren, F200 mailan bigarrenak

Asteburuan IX. Fiteroko Rallya jokatu zen, Nafarroako Txapelketarako 3. proba puntuagarria. Rallyak bi eremu ezberdin izan zituen. Lehendabizikoa Valdeza ibilbidea zen, 9,5 km-koa. Hau hiru aldiz gainditu behar izan zuten taldeek. Eta, bigarren eremurako Fiteroko herrian barna 4,6 km-ko zirkuitua prestatu zuen antolakuntzak. Azken eremu hau hirutan pasa behar izan zuten taldeek, gauez.

Fiteroko Rallyan 40 taldek eman zuten izena, tartean Iban Lopez de Goikoetxea pilotuak eta Javier Goikoetxea kopilotuak osatutako taldeak (Renault 5 GT Turbo). Proba ona egin zuten olaztiarrek. Sailkapen orokorrean 11.ak sailkatu ziren, F200 mailan bigarrenak, nafarren artean laugarrenak izan ziren eta F2000 mailan lehenak.