Agur duina Miguel Vergara Bereauri

Guaixe 2018ko uzt. 2a, 11:19

Familiak, erakundeetako eta Aranzadi Zientzia elkarteko kideak izan ziren larunbateko ekitaldian.

Arantzadi zientzia elkarteak berreskuratutako Migel Vergara Bereauren hezurdura ikusteko aukera izan zuten senideek Memoriaren parkean. Arantzatik eta Iparraldetik propio etorritakoak eta olaztiarrek, guztiek. Memoriaren hazi gisa parkeko lurretik jasotako pinaburuak hartu eta kutxan sartu zituzten. Hura zigilatzeaz Paco Etxeberria arduratu zen. Ekitaldiko hitzaldien ondoren, bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten. Horrela despeditu zen parkeko ekitaldia.

Kanposantuan izan zuen segida. Han familiak Migelen hezurdura jaso zuen Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari Alvaro Baraibarren eta Paco Etxeberriaren eskutik. Olatzagutiko apaizak, Francisco Beloki Perkazek, esan zuen iraganeko zauriak sendatzeko modu bakarra gertakariak aitortzea dela, hala, zauria sendatzen saiatzeko. Eskaeren ondoren Migelen gorpuzkiak horma-hobian sartu zituzten eta familiak krabelin gorriak eskaini zizkion. Txoriak txori eta Agur jaunak abestu ziren azken agur horretan.

Biografia
Miguel Vergara Bereau, Magdalenaren eta Agustinen semea, Arantzan 1906ko maiatzaren 5ean jaio zen, Atanborda baserrian. 12 anai-arreba ziren. 18 urterekin Olatzagutira bizitzera eta lanera etorri zen, aitarekin eta anaiekin. Aurretik Olatzagutiko Echavarri zerrategiko jabearen etxera lanera haren bi ahizpa etorri ziren: Patrocinio eta Asunción. UGTra afiliatutako langilea zen Miguel. Anaia Serapio Olatzagutiko Udalean zinegotzia izan zen eta greba orokor bategatik, 1934ko lastailean salatu zuten. Dolores Imaz Urretarekin ezkondu zen eta ez zuten seme-alabarik izan.

1936ko estatu kolpearen ondoren Serapio anaiak esan zion berak herritik alde egin behar zuela eta berarekin joateko esan zion Migueli. “Ezkonberria zen eta emazteak ez joateko esan zion”, azaldu digu Maria Pilarrek, Serapioren alabak. Miguel 1936ko agorrilaren 28an erail zuten Otsaportillon.

Maria Pilarren ama, Mikaela Auzmendi, 1941era arte Olatzagutian gelditu zen, hiru mutikoekin (1930ean, 1931n eta 1933an jaioak). Bakarrik zegoen eta dena kendu zioten eta egunero jatekoa eskatzera auxilio socialera joaten ziren. “Gure anai txikia mahai baten gainean zutik jarrarazten zuten eta Arriba España! eta Viva Franco! esanarazten zioten. Bestela ez zuten jaten” gogorarazi du Maria Pilarrek.

Alberto Vergarak bere amak eta Maria Pilarren amak izandako ausardia gogorarazi du: “Etxalarreraino joan ziren. Mugan bertan bizi zen osaba bat genuen, Ainhoan. Berak II. Mundu Gerran naziengandik ihesi zihoazen hegazkinlari amerikar pila salbatu zituen. Handik pasa ziren bien amak. Eta Maria Pilarren amak hiru umeak eskutik eta buruan josteko makina eraman zuen”. Alabak gaineratu duenez, “hura lanerako bere salbamendua zen”. Landetako Lesperon herriko landetxe batera eraman zituen Serapiok. Albertok gogorarazi du bere aita eraila izatetik libratu zela “zuen lanpostuagatik, Echavarri zerrategiko patroi handiari interesatzen zitzaiolako, bestela, sozialista izateagatik, besteak bezala, zuloan bukatuko zuen”. Arantzatik etorritako Miguel Bergara ilobak aipatu zuen “garai hartakoaz ez zela ezer hitz egiten”. Amonak eskatuta berak Miguel izena duela ere azaldu zuen.  

Miguelen heriotzaren berri 1941eko otsailaren 20an jaso zen Olatzagutiko erregistro zibilean. Han jaso zenez, “Deierriko udalerrian hil zen 1936ko agorrilaren 28an Mugimendu Nazionalaren ondorioz”. Erregistro zibileko oharrean jasoa dago inskripzio hura 1941eko otsailaren 18an Instrukzio Epaileak emandako autoari segituz egin zela. Baina aipatutako epaitegi-espedientea ez da inon opatu. Eta heriotza ziurtagirian jasotako datuak faltsuak dira, Miguelen hezurdura Otsaportillon opatzeak agerian utzi zuenez.

Ekitaldian esanak
Olatzagutiko alkate Mikel Azkargortak nabarmendu zuen Vergara “gobernu zilegi baten kontrako estatu kolpearen ondoren erail” zutela. “80 urte baino gehiagoz ezarritako isiltasunaren gainetik informazio eskasa gorde da eta horri esker opatu zuten Otsaportillon”. Azkargortak esan zuenez, Vergarari agur duina emanez “oroimen, aitortza eta erreparazio moralari ekarpena egin nahi diogu”. 15 olaztiar falta dira opatzeko eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ariko direla azaldu zigun alkateak. Memoria horma-hobia utzi du udalak, “kasu honetan Miguelen memoria, baina beste guztiena ere mantentzeko”.

Aranzadi zientzia elkarteko kideen izenean Lourdes Errastik hartu zuen hitza. Gogoratu zuen Otsaportilloko lezetik 11 pertsonaren gorpuzkiak atera zituztela bi txandatan egindako lanetan. Azkenekoan, 2017ko azaroan, Vergararen hezurdura ia osoa atera zela azaldu zuen. Otsaportillotik ateratako 8 identifikatu direla gaineratu zuen.

Alvaro Baraibarrek esan zuen larunbatean 80 urteko etapa bat itxi zela. “Miguelen moduko familiek 80 urtez itxaron behar izan dute erakundeen erantzun bat, aldaketarekin iritsi dena. Halako egunetan “sentipen kontrajarriak” izaten direla nabarmendu zuen: “nabarmenagoa da gabezia eta duela 80 urte gertatutako injustizia. Aldi berean, egun pozgarria da, erakundeen erantzun baten zain 80 urte egon den familia bati erantzuna emateko aukera dugulako”.  Etapa bat itxi eta bestea zabaltzen zela gaineratu zuen, familiak bere “maitasuna, oroitzapena nora bideratu izanen baitu”.  Ekitaldiak familiaren sufrimenduaren “zati txiki bat erreparatzeko” balioko zuen esperantza agertu zuen.

Familiaren izenean Alberto Vergarak eskerrak eman zizkien ekitaldiaren antolatzaileei. Aipamen berezia egin zien Arantzadi zientzia elkarteko Paco Etxeberriari eta Lourdes Errastiri. “Halakoak gertatzearen benetako arduradunak dira, Nafarroako Gobernuaren eta Olatzagutiko Udalaren laguntzaz”. Memoria parkean dagon oroigarrian dauden 22 gizonezkoen izenetatik 15 oraindik non dauden ez dakitela eta Etxeberriari “oraindik lan handia duzu” esan zion. “Badakit ez duzula guztiak ateratzeko betebeharra. Baina haien senideak, gure moduan, zain daude”. Arantzako Udaleko Juan Migel Almandoz alkate-ordea eta Juan Mari Gonzalez zinegotzia ekitaldian presente izatea eskertu zuen. Olaztiko Memoria Taldearendako eta Olatzagutiko Udalarendako esker oneko hitzak izan zituen.

Olaztiko Memoria Taldeko Txaro Otxandorenak gogorarazi zigun larunbatekoarekin bigarren aldia zela gorpuzkiak aurkitu zirenak. “Polita da gaur fruitu batzuk ikustea, baina oraindik 15 gelditzen dira”. Haien berri jakiteko lekukotzak biltzen ari dira taldekideak. “Lekukotza berri oso gutxi daude, zekitenak hil direlako. Zegoena jaso eta aurkeztu dugu”. Otsaportillotik atera eta identifikatu gabe dauden hiru horien artean olaztiarren bat agertzeko esperantza dutela esan zigun Otxandorenak, “baina gorpuzkiak oso hondatuta daude eta zaila izanen da. Guk badakigu hor gehiago daudela, ziur”. Bestetik, taldekideek espero dute artxiboak deklasifikatzean gehiago jakinen dela, “giltzapean baitaude orain”. Informazioa biltzeko inurri lana egiten segituko dute, eta jasotakoa herrian zabaltzen, “olaztiarrek zer gertatu zen jakin dezaten”. Orain arte bezala, taldeak memoriaren aldeko lanean, presioa egiten eta beste taldeekin elkarlanean segituko du.

Natalia Goñi Arantzatik etorritako senideetako bat zen. Aitaren senideaz “harro” sentitzen direla esan zigun. “Guk bagenekien Olatzagutian senideak genituela, baina ez genekien ongi historia nola zen. Albertok, Pacok-eta dena argitu digute”. Horrenbeste urteren ondoren gertaerak argitzea eta Migelen gorpuzkiak opatzea eta azken agur duina emateko aukera izateagatik eskertua azaldu zen. Larunbateko agur ekitaldiak Olatzagutiko eta Arantzako familiak elkar ezagutzeko balio izan zuelako pozik zegoen Goñi.

Indusketa
Aranzadi zientzia elkarteko kideak gorpu bila aurten Lizarrustin indusketa eginen dute.