Sakana Motorsport taldearendako urte berezia da aurtengoa. Urbasako Igoeraren 50. edizioa jokatuko da aurten, urriaren 6an. 1968. urtean jokatu zen lehenengo igoera eta aurten 50.a jokatuko da. Urteurren seinalatua denez, edizio berezia izan dadin buru-belarri dabil lanean Sakana Motorsport. Horrela, igoeraz aparte, hainbat ekimen antolatu nahi ditu taldeak: hitzaldiak, erakusketak eta beste. Olaztiko festetarako, esaterako, Goitibehera lasterketa antolatuko du Sakana Motorsportek, Olaztiko Gazte Asanbladarekin batera. Uztailaren 28an izanen da, larunbatarekin, 17:00etan.
Sakana Motorsportetik adierazi dutenez, “garai batean goitibeherek Sakanan izan zuten indarra berreskuratu nahi dugu. Horregatik, sakandar guztiei deia egiten diegu, euren goitibehera prestatu eta proban aritzera animatu daitezen. Hasi zuen goitibehera prestatzen eta animatu!”.