Iker Ingelmo Kintana, Aragoiko Karts txapelduna

Guaixe 2018ko ira. 5a, 14:32

Aragoiko Kars Txapelketan gailendu da karts pilotu olaztiarra

Iker Ingelmo Kintana olaztiarra karts lasterketetan ibiltzen da. Aurten ez zuen Euskal Herrian lehiatzerik izan, zirkuiturik ez dagoelako, eta horregatik Aragoira jo zuen, bere mailako txapelketa batean aritzeko. Aragoiko txapelketaren barruan, hainbat karting zirkuitutan lehiatu zen: Zueran, Torremochan eta Alcañizen, tartean.

Lehenengo txapelketa martxoaren 18an jokatu zen, Zueran, eta primerako lana egin zuen Ikerrek, lehendabizikoa sailkatu baitzen. Ondoren, Torremochakoa etorri zen eta azkeneko lasterketa Alcañizeko Motorlanden jokatu zen, abuztuaren 5ean. Aipatzekoa da lasterketen bezperan hartzen zuela Aragoiko bidea Iker Ingelmo Kintanak, bezperatik aipatu zirkuituetan entrenatu ahal izateko. Azkeneko proban ikusgarri aritu zen olaztiarra. 1,6 km-ko zirkuituan buelta azkarrena minutu eskasean –1:03.316– egin zuen Ikerrek. Hasieratik gogoz sakatu zuen azeleragailua eta hegan egin zuen. Aurretik zuen Sergio Abenoza gainditu zuen, gero boxetan Abenozak berriro aurrea hartu zion olaztiarrari eta hura gailendu zen, baina sailkapen orokorra kontuan hartuta Iker Ingelmo Kintana dugu Aragoiko Karts txapelduna, Sergio Abenozaren eta Alberto Justesen aurretik.