Irisgarritasuna helburu, lanak ludotekan

Guaixe 2018ko ira. 10a, 08:55
Ludotekan egindako dantza tailer bat.

Lanak iraila akaberarako despedituko dira eta ludoteka berrituak lastailaren erdialdean zabalduko ditu ateak.

Akelarre ludoteka eta gaztetxokoa egokitzeko lanak joan den astean hasi ziren eta hilarekin batera despedituko dira. Komunak egokituko dira, sabaia jaitsi (energia eraginkortasuna hobetzeko, berogailuan aurrezteko eta oihartzuna kentzeko) eta ateak gurpildun aulkietarako egokituko dira. Ludoteka lehen solairuan dago. Baina hara igotzeko eskailerak traba dira mugikortasun murriztua duten haurrendako (gaitzagatik edo hanka hautsi dutelako) edo ilobak eramatera joaten diren adinduendako. Horregatik, igogailua jarriko da ere. Baina hura jartzeko lanak aurrerago hasiko dira eta ez diote ludotekaren jardunari eraginen.

Arkitektura-oztopoak kentzeko lanak Banur Soluciones Comerciales S.L. enpresa ari da egiten. Lanek 77.863,50 euroko balioa dute, BEZ barne. Udalak 49.046,52 euroko diru-laguntza jasoko du lan horiek egiteko. Laguntza horren % 70 Europako FEADER funtsekoa da (Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsa) eta gainontzeko %30a Nafarroako Gobernuarena.

Izen ematea
Akelarre ludotekan 4 urtetik gorako haurrek izena emateko aukera dute (2014 urtetik aurrera jaiotakoak). Horretarako epea irailaren 19tik 28ra arte egonen da zabalik. Interesa dutenek 948 012 012 doako telefonora hots egin dezakete. Ordainketa izena emateko unean egin beharko da. Haur bakarra apuntatuz gero 34 euro pagatu behar dira. Familia bereko bi haur edo gehiago badira 56 euro dira.