Parte-hartze aurrekontuetan proposamenak egiteko epea zabalik

Guaixe 2018ko ira. 7a, 10:45
Olatzagutiko ikuspegia Iparberokiko bidetik.

Udalaren 20.000 euro zertara bideratu erabakitzeko olaztiarrek proposamenak aurkezteko epea hilaren 14ra arte dute.

Estreinako aldia da Olatzagutiako Udalak parte-hartze aurrekontuen egitasmoa martxan jarri duela. Haren bidez, olaztiarrek, elkarteek edo kolektiboek euren proposamenak egin ditzakete, nahi bezain beste. Beti ere, udal eskumeneko arlotarako izan behar dira proposatzen diren lanak, inbertsioak edo dena delakoak. Haiek jaso eta aztertu ondoren, herritarren gehiengoaren oniritziz aukeratuko da udalak 20.000 euroak zertara bideratuko dituen.

Mikel Azkargorta Boal alkateak esan duenez, “herritarren partaidetza elementu aberasgarria da, bizilagunak udalaren parte izan daitezen bideratzen duelako”. Azkargortak gaineratu duenez, “interesgarriena proiektuak aurkeztea da, prozesuan aukeratuak izan ez arren, herritarren eskaera horiei buruzko ezagutza ematen digulako eta beste diru partida batzuekin edota etorkizuneko parte-hartze aurrekontuekin eskari horiei irtenbidea ematen saiatuko gara”.

Epeak
Parte-hartze aurrekontuen berri emanez, udalak olaztiarrei gutuna eta proposamenak aurkezteko orri eredua bidali zien. Proposamenak egiteko epea astelehenean zabaldu zen eta irailaren 14ra arte zabalik egonen da. Proposamenak udaletxean aurkeztu beharko dira, bulego ordutegian, edo, bestela, udaletxeko postontzian utzi. Udalak bidalitako inprimakiak betez aurkeztu beharko dira proposamenak. Orri horiek www.olazti.eus web orrian eta udaletxean eskuragarri daude. Olatzagutiko Udalak irailaren 17tik 28ra proposamenak jaso, aztertu eta balioztatuko ditu.

Azkenik, lastailaren 1etik 7ra proposamenei botoa emateko epea zabalduko da. Lastailaren 1etik 4ra www.olazti.eus web orriaren edo 012 telefonora hots eginez botoa emateko aukera izanen da. Eta lastailaren 6an eta 7an kultur etxean izanen diren hautetsontzietan. Botoa herrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek emateko aukera izanen dute. Pertsona bakoitzak gehienez proposamen baten alde egin ahal izanen du.