Urbasako Igoerako 50. urteurreneko ospakizunak hasi dira

Guaixe 2018ko ira. 12a, 15:26

Irailaren 14tik 23ra Urbasako Igoerari buruzko argazki erakusketa antolatu du Sakana Motorsportek. Erakusketa mustutzeko ostiralean, 19:00etan, Urbasan urte luze hauetan aritutako pilotu ezagunek hitzaldia eskainiko dute Olaztiko Kultur Etxean

Aurten 50 urte beteko ditu Urbasako Igoerak. Urriaren 6an jokatuko da. Ez da nolanahiko data eta urteurren berezia behar bezala ospatzeko aurten Urbasako motorraren festak inoiz baino zaratatsuagoa izan nahi du, igoerak  oraindik bizi-bizi dagoela erakusteko. Horrela, makina bat ekitaldi prestatu ditu Sakana Motorsportek, tartean ostiralean, irailaren 14an Olaztiko Kultur Etxean mustuko den Urbasako Igoera (1968-2018) erakusketa, Olaztiko Udalaren laguntzarekin antolatutakoa.

Urbasako Igoera (1968-2018) erakusketan urte luze hauetan hartutako irudiak ikusi ahalko dira. Sakana Motorsporteko Javier Goikoetxeak adierazi digunez, 120 argazki inguru izango dira, 50 urte luze hauetan hartutako argazkien selekzio bat. Horretaz gain, bideo bat prestatu dute, igoeretan hartutako irudiez osatutakoa. Erakusketa mustutzeko, Urbasako Igoeran parte hartu izan duten auto bereziak egongo dira aparkatuta Kultur Etxearen aurrean. “Auto mitikoak izango dira: Porscheren bat, barketak, bertako autoak…” azaldu digu Javier Goikoetxea antolatzaileak.

Urbasan aritutako pilotuen hitzaldia
Eta erakusketa are erakargarria egiteko, erakusketaren mustutzean Urbasako Igoerako urte luze hauetan Urbasako igoeran aritu diren pilotuetako batzuk bilduko ditu Sakana Motorsportek, Javi Goikoetxeak moderatutako hitzaldi batean euren esperientzien berri emateko. Ostiralean 19:00etan izanen da hitzaldia, eta tartean Pantxo Egozkue pilotu beteranoa, makina bat garaipen dituena; Garikoitz Flores lakuntzarra, Espainiako Igoeran 2. Kategoriako egungo txapelduna, Esteban Gartzia Campiejo pilotua, Jesus Urdanoz pilotua eta Carlos Aldecoa pilotua, Urbasako Igoerako lehen edizioa irabazi zuen Carlos Aldecoa pilotuaren semea. “Urbasako igoeraz dituzten oroitzapenak entzutea polita izango da eta egun zertan dabiltzan eta euren erronken berri izateko aukera izango dugu ere. Interesgarria izango da, ziur” aipatu du Goikoetxeak. Horrela, sakandarrak ostiralean Olaztira gerturatzea gonbidatu dituzte Sakana Motorsportekoek. “Urbasako Igoeran aritu zen Olaztiko lehen gidaria, Felipe Etxarri, erakusketatik pasatzekoa da ere. 80 urte ditu eta sasoi ona” gaineratu du Goikoetxeak.

Erakusketa irailaren 14tik 23ra bitartean egongo da zabalik, ostiraletan 18:00etatik 21:00etara eta larunbatetan eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Igoerarako izena ematea zabalik dute pilotuek
Urriaren 6an jokatuko da Olaztiko Igoera, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako baliagarria. Pilotuek dagoeneko izena zabalik dute Nafarroako Automobilismo Federazioko web orrian (www.fotomotor.es) edo www.fotomotor.es web gunean, irailaren 28ra arte. Urriaren 4an parte-hartzaileen zerrenda argitaratuko da. Aurten, lehengoz, bezperan hasiko dira ibilgailuen azterketa tekniko eta administratiboak, 20 eta 100 dortsalen artekoak, urriaren 5ean, ostiralean, 16:30etik 20:30era, eta 1 eta 20 dortsalen arteko azterketak probaren egunean, urriaren 6an egingo dira, 8:00etatik 9:00etara. Goizeko 11:00etan hasiko dira entrenamendu libreak, 13:00etan entrenamendu ofizialak, 15:00etan lasterketako lehenengo manga ofiziala eta 17:00etan bigarrena.