Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketan aritzeko izena emateko azken eguna gaur

Guaixe 2018ko ira. 27a, 09:08

Gaur, ostegunean, gauerdira arte eman daiteke izena www.herrikrosa.eus web gunean

Larunbatean jokatuko da Sutegi taldeak Olaztiko Udalaren eta hainbat komertzioren babesarekin antolatuko den XII. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. Antolakuntzak proba herrikoiagoa egin izan nahi du aurten, bertako korrikalariei keinu nabarmena eginez. Horrela, hainbat aldaketa izanen dira. Aurreko urtean bi ibilbide baziren, –23 km-koa eta 16 km–koa, aurten ibilbide bakarra egongo da, hain zuzen ere aurreko edizioetako ibilbide laburra zenaren oso antzekoa, 15,23 km-koa eta 900 metroko desnibel positibokoa. Bertakoen parte-hartzea sustatu nahi da eta Olaztiko San Migel festetan girotxoa sortu. Horretaz gain, proba jokatzen den bitartean txikienendako lasterketak izango dira.

Izena ematea gaur despeditzen da
Olaztiko proban parte hartu nahi dutenek gaur, osteguna, irailak 27, dute azkeneko eguna. Horretarako www.herrikrosa.eus web gunera jo behar dute, gaueko 12:00ak arte.