Olatzagutia-Urbasa, aldaketaz josia

Guaixe 2018ko ira. 28a, 13:35

Bihar 12. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da, 10:30ean. Proba herrikoiagoa izatea nahi dute; horrela, 15,23 km-ko proba izango da aurtengoa, aurreko urteko proba laburra, eta haurrendako lasterketak antolatu dituzte

Olaztiko San Migel festak izanen dira asteburuan eta festei lotuta Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa jokatuko da bihar. Aurtengoa 12. edizioa izanen da eta berrikuntza nabarmenekin dator. Sutegi klubak antolatzen du proba, Olaztiko Udalaren laguntzarekin eta hainbat babeslerekin, eta aldaketa nabarmenena probaren distantzian dago. Izan ere, orain arte ibilbide nagusiak 26,33 km eta 1.838 metroko desnibel positiboa zuen, eta azken urteetan 16 km eta 1.122 m desnibel positiboko ibilbide laburragoa antolatu zuten junior, kadete eta horrela nahi zuten korrikalariendako. Bada, aurten ibilbide bakarra egongo da, hain zuzen ere aurreko edizioetako ibilbide laburra zenaren oso antzekoa, 15,23 km-koa eta 900 metroko desnibel positibokoa.

Helburua: proba herrikoiagoa izatea
“Aurreko edizioetan gutxinaka parte-hartzeak behera egin zuen. 300 korrikalari izatetik 140 izatera pasa ginen. Izan ere, mendi lasterketak izugarri hedatu dira. Hasieran Olaztiko proba zegoen egunean ia soilik Olaztikoa zegoen, eta aurten, esaterako, egun berberean 7-8 proba dituzu. Eta proba ez bada Euskal Herriko edo Nafarroako Txapelketetarako puntuagarria, parte-hartzea jaisten da. Azkenean pentsatu genuen gure helburua ez dela punta-puntan egoteko sekulako ahalegina egitea, lasterketa herrikoiagoa egitea baizik; eta horregatik distantzia laburragoarekin probatu nahi dugu, ea bertako eta inguruko korrikalariak gehiago animatzen diren. Olazti, Altsasu, Lakuntza, Etxarrin, Irurtzunen… jendea mendira joaten da, eta gertuko jende hori erakarri nahi dugu bereziki, proba herrikoiagoa izateko. Olaztiko San Migel festei gure girotxoa gehitu nahi diogu, festa polita sortu, eta horregatik ere mendi lasterketa abiatu bezain pronto txikienendako lasterketak egingo ditugu herrian. Giroa sortzea da kontua, disfrutatzea eta ongi pasatzea” adierazi digute Sutegi klubeko Fermin Zornozak eta Gorka Acebesek.

Eta badirudi asmatu dutela, kontentu baitaude Sutegikoak; gutxienez 80 korrikalari inguru espero zituzten eta atzo 126 zeuden izena emanda. Pozik daude, helburua bete dutelako. Izena ematea gauean itxi zen, www.herrikrosa.eus web gunean.  

15,23 km-ko ibilbidea
Ibilbidea aurreko urteko proba nagusiaren lehen zatia zena da, aurreko edizioko proba laburra, hain zuzen. Korrikalariak goizeko 10:30ean abiatuko Olaztiko plazatik. Zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute, Tontorraundira (1.157 m). Bira gorabeheratsua egingo dute ondoren, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890 m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera helduko dira (1.153 m), atzera ere Morterutxora heltzeko. Hortik Olaztiko helmugarako bidea hartuko dute, plazara iristeko. Probaren informazio guztia, ibilbidearen Wikiloc tracka barne, https://olazagutiaurbasa.wordpress.com web gunean dago.

Hornidura eta sariak
Ibilbidean barna hiru hornidura gune egongo dira eta DYAk proba zainduko du. Korrikalariak plazako helmugara iritsi bezain pronto –ordu eta erdi baino gutxiago beharko dute azkarrenek–, auzate ederra izanen dute zain eta dutxa hartzeko aukera. Partaide guztiek opari poltsa jasoko dute, eta ondoren sari ematea izango da. Sutegikoek azaldu dutenez, aurten ez da sari metalikorik izango. “Lehen hirurek, lehen beteranoek, lehen sakandarrek eta lehen olaztiarrek, emakumezkoek eta gizonezkoek, bertako produktuekin osatutako lote ederrak jasoko dituzte. Eta parte-hartzaileen artean loteen zozketak egingo dira.

Haurren lasterketak
Helduak 10:30ean abiatu bezain pronto, haurrendako lasterketak antolatu dira San Migel plazan. Bi proba izango dira: GP motorrak (txikien motortxoak), 4 urte bitartekoendako –norberak bere motoa eraman beharko du– eta lasterketa arrunta, 4-7 urte, 7-10 urte eta 10-13 urte bitarteko adinekoendako. “Kontuan hartu behar da herriko festak direla, herri bazkaria dagoela, haurrendako puzgarriak eta beste hainbat kontu. Horrela, egun pasa polita egiteko aukera bikaina da Olaztira hurbiltzea” diote Sutegi taldekoek, eta sakandarrei Olaztira hurbiltzeko gonbita egin diete.