Domekan, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuak, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuak antolatuta, IV. Munduko Arrozak ekimena izanen da Olatzagutian. Plazatik 11:00etatik aurrera pasatzen direnek Marokoko, Saharako eta Senegalgo sukaldariak lanean ikusi daitezke. Aurrenekoek kuskusa eta gainontzekoek arrozak nola prestatzen dituzten galdetzeko aukera izanen dute bisitariek.
Haiekin batera Sakanak Harrera Harana, Zaska, Nafarroako Zurrumurruen Kontrako Sareko eta Help-Na elkarteetako kideek ere arroza eginen dute. Haiek guztiak 13:00etatik aurrera dastatzeko aukera izanen da.
Anitzartean Zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek aurkezpenean azaldu zuenez, "arroza mundu guztian jaten da, unibertsala da. Baina tokian tokiko errezetak daude. Beraz, arroza berdina da, baina desberdin prestatzen da. Pertsonak ere hala gara, berdinak baina desberdinak".
Zestauk jakinarazi zuenez, Munduko Arrozak ekimenarekin batera sentsibilizazio gunea izanen dela. Zaskak zurrumurruak desaktibatzeko argibideak emanen ditu. Sakana Harrera Haranak, berriz, migratzaileen egoeraren berri emanen du. Haurrendako txokoa ere prest izanen da.