Festa txikiak joan dira

Guaixe 2018ko urr. 1a, 12:38

Garai bateko festak zirenak, festa txikiak dira orain. Aurtengoak olaztiarren dolu sentipenarekin hasi ziren. Ostiral goizean istripuan hildako olaztiarra guztiek izan zuten gogoan festen hasieran. Kultur etxean xingola beltz handia jarri zuten horregatik. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketako orain arteko antolatzaile taldearen izenean Fermin Gabirondok eta Joxan Markezek piztu zuten festetako etxajua. Haiek ere hildakoa eta haren familia gogoan izan zituzten.

Larunbatean herri bazkariak giroa animatu zuen. Domekan, berriz, San Migel eta Sarasate plazak festaren erdigune bihurtu ziren. 19 artisau lanean ikusteko aukera izan zuten herri erdigunera gerturatu zirenak. Bi urte aterpean egin ondoren, plazan egin zen dena. Haien aldamenean, Munduko Arrozak ekimenean parte hartzen ari zirenak zeuden. Jatekoaren bitartez jendartearen aniztasunaren berri eman zuten. Zortzi kulturetako arrozak dastatzeko aukera eskaini zuten. Haien aldamenean henna tatuajeak, haurrendako txokoa eta sentsibilizazio erakusketa izan zen.

Argazkiak: Juan Pedro Higuero.