Nafarroako Gobernuak dio Urbasako Igoerarako aurreko urteetako antzeko neurriak eskatu zizkiola antolakuntzari

Guaixe 2018ko urr. 5a, 12:24

Antolakuntzari errepide mozketaren ardura hartzea eskatu zitzaiola gaineratzen du Gobernuak, gainontzeko kirol probatan bezala

Bihar jokatzekoa zen Urbasako Igoera bertan behera uzteak hautsak arrotu ditu. "Azkenera arte saiatu gara Urbasako Igoera aurrera ateratzen, baina urriaren 1ean Nafarroako Gobernuak egindako eskakizunak horren epe motzean betetzea ezinezkoa da, batetik, eta, bestetik, ikusten dugu neurri horiek segurtasun arazo handiak sortu ahal dituztela. Horregatik, proba bertan behera uztera derrigortua ikusi dugu gure burua” azaldu zuen Sakana Motorsport talde antolatzaileak.

Nafarroako Gobernuaren prentsa oharrean jasotzen denez, Nafarroako Gobernuak “aurreko urteetako antzeko eskariak” egin zizkion antolakuntzari, “segurtasuna bermatzeko eta parke naturala babesteko”. Prentsa oharrean jasotzen da Sakana Motorsport taldeak abuztuaren 29an eskatu zuela Urbasako Igoera antolatzeko baimena eta Barne Departamentuak txostenak eskatu zizkiola Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko Departamentuari, Trafikoari, Foruzaingoari eta ukitutako tokiko instituzioei.

“Irailaren 21ean Sakana Motorsport taldeari Natura Ingurunearen Zerbitzuko txostena bideratu zitzaion, aurreko urteetako antzeko neurriak eskatuz. Tartean Olaztin, Altarmirako bidegurutzean eta Ameskoako bidegurutzean errepidea istea eskatzen da ostiral arratsaldetik, baina larunbatean 7:30etik 10:00etara ibilbidea ireki, probara joango direnendako, abeltzainendako eta Urbasako Campingeko hornitzaileendako” dio Gobernuaren oharrak. Horrekin batera, pistatik ibiltzea eta errepide bazterretan aparkatzea debekatzen zuen Gobernuak. Gobernuak gaineratzen du irailaren 27ko txostenak trafiko mozketen ordutegia zehaztu zuela eta trafiko mozketaren ardura antolakuntzak hartu behar zuela bere gain, “Nafarroako beste edozein kirol proba bezala” eta errepideen sarreretan ezin zirela “probako elkartasun txartelak” saldu.

Joko eta Ikuskizunen Sekzioak urriaren 1ean Sakana Motorsport bilera batera gonbidatu zuela gaineratzen du prentsa oharrak, baina klubetik ezin zutela joan erantzun zietela. “Urriaren 3an klubeko arduradun batekin harremana egon zen baina ez zuten proba bertan behera uzteko erabakiaren berri eman” gaineratzen dute Gobernutik, eta urriaren 4an, 0:49ean jaso zutela proba bertan behera geratzen zenaren komunikatua.

“Gobernuari ekimena bertan behera geratzeak pena ematen dio, baina gure betebeharra pertsonen segurtasuna eta ingurumenaren babesa da, horregatik edozein probako antolatzaileei berme minimoak eskatu behar dizkiogu, kasu honetan aurreko urteen antzekoak eta beste proben antzekoak” dio Gobernuak.

Sakana Motorsport taldearen kexu nagusiak hiru ziren: eskakizunak proba egiteko bospasei egun lehenago jaso izana –euren esanetan urriaren 1ean jaso zuten Gobernuaren erresoluzioa–; bezperatik errepidea itxita egon ondoren larunbat goizean 7:30etik 10:00etara zabaldu behar izana –antolakuntzaren iritziz horrek segurtasun arazo larriak sortuko lituzke–; eta ostiral arratsaldeko 16:00etatik larunbateko 7:30ak arte trafikoaren istea antolakuntzaren esku uztea –horrenbeste ordutan errepide istea, trafiko erregulazioan eta segurtasunean esperientzia ez duten boluntarioen esku jartzeak ez du ez hankarik ez bururik antolatzaileen izenetan, eta pertsona hauen segurtasuna arriskuan jartzen du–.

Kontuak kontu, bihar ez da jokatuko 38. Urbasako Igoera, igoeraren 50. urteurreneko festa izan behar zena. Arrazoiak arrazoi, kirol proba guztiak ez dira berdinak eta ezin da konparatu edozein probako errepide istea, egunez, eta gehienez bospasei orduko kontua bada, antolakuntzaren kargu joatea edo arratsaldeko 16:00etatik hurrengo goizaldeko 7:00ak arte mendiko errepide edo portu bat antolatzaileek istea, gau osoan egoteak duen arriskuarekin, are gehiago hurrengo egunean 7:30etik 10:00etara zabaldu behar bada.