Olaztiarrek udalaren 20.000 euroko poltsa zertara bideratu aukeratzeko aukera izan zuten pasa den astean. 10 proposamen zituzten aukeran. 122 boto izan ziren parte-hartze prozesuan eta babes gehien jaso zuen proiektua argiteria publikoa modu eraginkorragora aldatzea izan da. 45 boto jaso zituen emandakoen % 36,89. Estreinako aldia izan da Olatzagutiko Udalak parte-hartze aurrekontuen deialdia egin duena. Mikel Azkargorta Boal alkateak esan digunez, “esperientzia polita izan da. Nahiko ongi atera da. 93 proposamen jaso genituen eta horien artean aukeraketa egin behar izan genuen. 20.000 eurorekin egin ez zitezkeenak baztertu genituen eta beste batzuk bateratu”. Beraz, errepikatu eginen dute.
Azkargortak azaldu digunez, “asmoa da aurten bertan argiteria aldatzen hastea. Behintzat zaharrena dena”. Nafarroako Gobernuak 113 milioi euro inbertsio jasangarrietara bideratu nahi ditu eta deialdi horretara aurkezteko nahia dute udalean. “Jasoz gero, lanak abenduaren 31 baino lehen eman beharko genituen, eta heldu den urtean eginen lirateke”. Herriko argiteria guztia LED teknologiagatik aldatzea da asmoa, kontsumoa murriztu eta faktura txikitzeko. Helburu hori lortzeko ez dute baztertzen diruzaintzako gerakineko dirua erabiltzea. Baina legeek ezarritako gastu muga eta bestelakoak kontuan izan beharko dituzte.
Lan gehiago
Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegituren Planeko diru-laguntza deialdian ez zen onartu Inguraketa kaleko urbanizazioa bukatzea eta Arrangotik jubilatu elkartearen parera espaloia egitea. Gobernuaren inbertsio jasangarrien deialdiaren zain daude, hori egiteko aukera izan dezaketelakoan. Onartuta dagoena udaletxeko begiratokia berritzeko diru-laguntza da. Lanak, berez, heldu den urtean egin beharko lirateke, baina aurten hasteko baimena jaso dute. “Negu gorria iritsi aurretik egin nahi genituzke”.
Olatzagutiko 2018ko parte-hartze aurrekontuen emaitza | ||
Proposamena | Botoak | % |
Argiteria publiko eraginkorragora aldatu (LEDa) | 45 | 36,89 |
Horma hilobiak | 16 | 13,11 |
Kiroldegiko gelak | 11 | 9,02 |
Inguraketa kaleko urbanizazioa bukatu | 11 | 9,02 |
Udal igerilekuen hobekuntzak | 11 | 9,02 |
Kiroldegian hobekuntzak | 7 | 5,74 |
Kirol-instalazioen hobekuntzak | 7 | 5,74 |
Hiri altzariak | 7 | 5,74 |
Igerilekuetako aldagelak berritu | 4 | 3,28 |
Eguberriko argi berriak erosi | 3 | 2,46 |
Guztira: | 122 | 100,02 |