Ludoteka eraberrituta bueltatu da

Guaixe 2018ko aza. 9a, 10:51
Akelarre ludotekan haurrak Irantzu Gonzalezekin dantzan. Argazkiak: Akelarre ludoteka.

Eraberritze lanen ondoren, pasa den astean hasi zen ludoteka zerbitzua eta gaur gaztetxokoa.

Olatzagutiko Udalak hainbat hobekuntza lan egin ondoren, joan den asteko astearteaz geroztik martxan da Akelarre ludoteka. Udal zerbitzua erabiltzera bueltatu direnak hainbat aldaketa topatu dituzte: komunak egokitu dira, sabaia jaitsi (energia eraginkortasuna hobetzeko, berogailuan aurrezteko eta oihartzuna kentzeko) eta ateak gurpildun aulkietarako egokitu dira. Txikikeria batzuk falta dira despeditzeko. Igogailua jarriko da ere, gaitzagatik edo hezurren bat hautsi dutelako, mugikortasun murriztua duten haurrendako eta ilobak eramatera joaten diren adinduei emanen die zerbitzua.

Akelarre ludoteka 4 eta 12 urte arteko haurrek erabil dezakete. 45ek eman dute izena eta adinaren arabera ordutegi bat izanen dute Akelarre ludotekan. 4 eta 6 urte arteko haurrak astearte eta ostegunetan 16:30etik 18:30era eta asteazkenetan 15:00etatik 16:00etara izanen dira. 7 eta 12 urte bitartekoak, berriz, astelehenetan, 16:30etik 18:30era, asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era, eta ostiraletan, 15:30etik 17:30era, dute Akelarre ludoteka zabalik. Oraindik ere 10 plaza hutsik daude. Aukera hori baliatu nahi duten gurasoek udaletxetik astegunetan, 10:00etatik 14:00etara, pasa daitezke, edo arratsaldez ludoteka beretik.  


Berritutakio komuna.

Gaztetxokoa
Akelarre ludotekak asteburuan ere ateak zabalduko ditu. Gaurtik maiatzaren 25era arteko asteburu guztietan ludoteka gaztetxoko bihurtuko da. Han 12 eta 16 urte arteko gaztetxoak egoteko aukera izanen dute: ostiraletan 18:30etik 21:30era, larunbateta: 17:00etatik 21:30era eta domekatan 17:00etatik 21:00etara. Dagoeneko 32 gaztetxok eman dute izena, baina eskaini diren 45 plazak bete arte eman daiteke izena udaletxean, astegunetan, 10:00etatik 14:00etara.

Berritutako sabai eta argiteria.