Oraa Ezker sarirako hautagaia

Guaixe 2018ko aza. 15a, 10:19
Mari Jose Oraa Ezker.

XVIII. Nafarroako Bikaintasun Sarien barruan V. Hiritar Bikaintasun Saria banatuko du Diario de Noticias egunkariak. Argitalpenak sari horrekin “gizarte-balioak dituzten nafarrei aitortza publikoa” egin nahi die. Irakurleek hiru hautagaietako baten alde eman dezake botoa www.noticiasdenavarra.com web orriaren bidez. Horretarako, hilaren 22ra arteko epea dute.

Hautagaiei dagokienez, Lizarrako Maria Jesus San Martin (adinduak laguntzeko Nagusilan boluntario taldearen sustatzailetako bat), Fernando Sarria Pueio (haurren trebakuntzarako FSIngenium Team proiektu altruistaren sortzailea) eta Mari Jose Oraa Ezker. Azken hori, olaztiarra da eta Saray, Nafarroako Bular Minbiziko Elkarteko lehendakari ordea da. Oraari 2007an bular minbizia diagnostikatu zioten eta Celulas caprichosas liburua idatzi zuen. Agortuta dago, baina liburua eskuz esku dabil oraindik, “lehen arretako esku-liburu gisa”. Oraa urtetan Zizur Nagusiko Erreniega eskola publikoko zuzendaria izan zen, eta Hezkuntza Departamentuan irakasle-aholkularia da.

Hala ere, Oraak Saray elkartearen bidez beste sari bat jasoko duela ziurtatuta du. Izan ere, Nafarroako Gobernuak herrialdeko ohorezko sari gorena, Nafarroako Ohorezko Domina, Saray elkarteari emanen baitio abenduaren 3an. Foru gobernutik adierazi dutenez, honakoak dira elkartearen merituak: “gaixotasun horrek kaltetutako pertsona zein familiei zuzenduta eskaintzen duen laguntza psikosoziala zein lan eta estetika arloan ematen duen babesagatik, eta hezkuntzan, prebentzioan eta garapen pertsonalean ematen duen aholkularitzagatik”.