Inguruneaz artearen bidez hausnartzen

Guaixe 2018ko aza. 23a, 11:38
Olaztiko kultur etxea. ARTXIBOA

Olaztiko kultur etxean bi ikuskizun egonen dira asteburuan: rap musika emanaldia La Chula Potrarekin gaur eta dantza, musika eta argazkilaritza uztartzen dituen proposamen eszenikoa igandean

Artearen eta kulturaren bidez artistek inguruneaz hausnartu egiten dute. Bakoitzak bere erara, gizakiaz eta gizarteaz gogoeta egiten dute. Hori da, hain zuzen, Olaztiko kultur etxean astebururako proposatu dituzten emanaldiek aurkezten dutena. Gaur, azaroaren 23, ostirala, Julia Itoiz rap abeslariak Politikamente Incorrecta lana aurkeztuko du, 22:30ean. Igandean, azaroaren 25ean, 17:00ean, Carmen Larraz dantzariaren Transoceanica ikuskizuna izanen da.

Julia Itoiz rap abeslaria La Chula Potra izengoitiarekin da ezaguna. Errotxapeakoa da Itoiz, eta haren estiloaren bereizgarrietako bat mihi zorroztasuna da. Bere diskurtsoa zehatza da eta mezuak argiak dira: arrazismoaren kontra, gizakiaren pentsamenduak, gizarte gaiak, injustiziak eta politika. Mezuak, gainera, doinu oso dantzagarriekin uztartzen ditu La Chula Potrak. La Bofetada Yolanda Barcinaren inguruko abestiagatik egin zen ospetsu rap abeslari iruindarra 2011an, izan ere, Barcinak kereila jarri zion. Azkenean, auzia artxibatu zuten.

Gaur, ostirala, azaroaren 23an, La Chula Potra rap abeslariak Politicamente Incorrecta lana aurkeztuko du Olaztiko kultur etxean, 22:30ean. Sarrerak salgai daude www.olazti.com edo leihatilan. Aurrez erostia 6 euroko prezioa dute, eta egunean bertan 8 euro.



Dantza, argazkiak eta musika

Igandean, azaroaren 25ean, Carmen Larraz dantzariaren Transoceanica ikuskizuna izanen da Olaztiko kultur etxean, 17:00etan. Larrazek diziplina anitzeko proposamen egiten du, hortaz, dantza, argazkiak eta musika uztartzen ditu. Argazkiak Uxue Montero argazkilariarenak dira eta Larrazen mugimenduekin bat egiten dute. Gainera, argazkien proiekzioak eta dantzak Hilario Rodeiroren musikaren doinuak jarraitzen dituzte.

Transoceanica ikuskizunak ingurunea entzutearen garrantziaz hitz egiten du. Gizakiak natura amaigabean betetzen duen lekuaren bilaketaz ere aritzen da. Hortaz, gizakiak naturan egiten dituen eraldaketek ideietan nola islatzen diren hausnartu egiten du Lazarren ikuskizunak. Transoceanica ikuskizuna Nafarroako Gobernuko Antzoki sareak antolatzen duen Arte Eszenikoen zirkuituaren barruan dago. 



Sarrerak dagoeneko salgai daude 3 eurotan www.olazti.com edo leihatilan.