Txapela Oñatiko Odriozola harategiak eskuratu zuen. Olatzagutiko Pako harategiko txistorrak 3. saria eskuratu zuen. Patxi Aldasorok egindako txistorra zen, eta bere aitak, Pakok, sari banaketan semea ordezkatu zuen. Halako sariek oihartzuna dutela eta salmentetan nabari dela aitortu digu. “Txistorrak egiten gaitu ezagun. Populartasun horregatik asko txistorra erostera joaten dira eta, bide batez, zerbait pikatzen dute. Sariengatik ez balitz, herriez ez da inor gogoratzen”. Sariak lanerako motibagarri ere badirela esan digu.
Patxi harategian lanean dagoela, Pakok gogorarazi digu aitarengandik ikasi zuela ofizioa, baita anaiek ere. Altsasun jarri zuen hark harategia eta han eskarmentua hartuta Olatzagutira egin zuen salto. Errege egunean 45 urte eginen ditu Pako harategiak zabalik. Berak erretiroa hartu eta Patxi semeak hartu dio lekukoa. “Pixkanaka ikasi du, berak bakarrik, ikusten”, hala ziurtatu digu Pakok.
Ezer ez artifiziala
Eta txistorra on bat nola egin galdetuta “genero ona ezinbestekoa” dela nabarmendu digu, “bai txerria, bai piperrautsa, bai arkume hestekiak. Inolako kontserbatzailerik ez dute. Freskoan saltzeko dira eta horrek gainean egotea eskatzen du, segimendua egitea”. Txistorrak egoki ontzeko lehortegiaren indarra ere ongi kontrolatu behar dela gaineratu digu, dena galdu nahi ez badugu. “Harategia Olatzagutian nuen, baina oraindik Altsasun bizi nintzela, iluntzean lainoa sartu zelako Altsasutik Olatzagutira joana naiz, lehortegiko leihoak ixtera. Bestela, hurrengo goizean denak puztuta leudeke”.
Hurrengo lehiaketa, bihar, Donostian. 2016an irabazi egin zuten Gipuzkoako hiriburuan eta horregatik, joan den urtean epaile lanak egin behar izan zituzten. Aurten, atzera ere, lehiatzera joanen dira.
Harategiko pareta bat sariz beteta dute.
Txistorrarekin lortutako sariak
2001eko Nafarroako Lehiaketan 1.
2001eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1.
2003eko Sakanako txapelketan 3.
2003ko Ordiziako Euskal Herriko lehiaketan 4.
2003ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2.
2005eko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 2.
2006ko Donostiako euskal Herriko Lehiaketan 1.
2007ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 4.
2008ko Nafarroako Lehiaketan 2.
2009ko Nafarroako Lehiaketan 1.
2012ko Nafarroako Lehiaketan 3.
2016ko Donostiako Euskal Herriko Lehiaketan 1.
2017ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 5.
2018ko Ordiziako Euskal Herriko Lehiaketan 3.
Txorizoarekin lortutako sariak
2006an X. Bilbo Hiria Etxeko Txorizoen Lehiaketan finalista.
2017ko Azpeitiko V. Euskal Herriko Lehiaketan 4.
2018ko Azpeitiko VI. Euskal Herriko Lehiaketan 5.