Ekonomia Garapenerako Lehendakariorde Manu Aierdik Abiadura Handiko Trenaren inguruko Guaixeren galderei erantzunez, asteartean berretsi zuen legealdi honetan Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko “pasabide estrategiko bat bulkatzen” saiatu direla. Tren azkarreko “tarte guztietan aurrerapausoak izaten saiatu gara, bakoitza zein momentutan dagoen kontutan hartuta”. Aierdik gogorarazi zuenez, “onerako eta txarrerako, AHTren eskumena Madrilena da”. Sustapen ministro Jose Luis Abalosekin guztia errepasatu zutela jakinarazi zuen Aierdik.
Iruñetik Euskal Y-ra arteko lotura Sakanan barna egitea aurreikusi du ministerioak. Bi aukera jarri zituen mahai gainean: ibarra alderik alde zeharkatzen duen bat eta Altsasuraino iritsi Aizkorri azpitik Ezkio Itsasora doan beste bat. Nafarroako Gobernuak Ezkio-Itsason bi trenbideak lotzeko beste proposamen bat egin zuen: Bakaikun trenbideak iparralderantz egiten duena. Proiektu horri Sakana Trenaren Alde taldeko eta Sustrai Erakuntza fundazioak ministerioaren proiektuari 2.733 alegazio aurkeztu zizkioten. “Une honetan ministerioan alegazio guztiak aztertzen ari dira. Abalosek esan bezala, espero dugu ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta gu biltzea egoera aztertzeko eta ikusteko nondik eta nola joan behar duen lotura horrek. Pasabide estrategikoa da. Euskal Y-rekin lotzea behar beharrezkoa da, Europako eta Bilboko bidea da”.
Bestetik, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, Jose Luis Arastik, esan zuen AHTko lanak 2023 urterako bukatzea ia ezinezkoa dela. PP gobernuan zela data hori eman eman zuen, baina “ez da erreala eta egitea gehiago kostako da” esan zuen Arastik asteartean.
Bitartean Sakana Trenaren Alde plataformak bere burua aurkeztuko du Olatzagutian ostiralean, 19:00etan, kultur etxean. Zergatik AHT gelditu lelopean AHTk Sakanan eginen duen ibilbidearen berri emanen dute, egitasmo horren kontra eta tren sozialaren alde zergatik dauden azalduko dute eta, azkenik, Arabako Lautadan AHT egitasmoaren kontrako dinamikaren berri emanen dute.