Kinto ospakizunak hasi dira

Guaixe 2019ko ots. 1a, 10:33

Joan den urteko kintoak eskean.

Sakanako kinto guztietan euren ospakizunetan hasten goiztiarrenak olaztiarrak dira: atzo hasi eta asteartera arte ospatuko dute kintada.

Olatzagutiko XXI. mendeko aurreneko kintada zazpi gaztek osatuta dago: Gissel Aristu, Julen Lopez de Goikoetxea, Leire Ollo, Mikel Ollo, Lander Bados, Sara Alberdi eta Asier Andueza. Kintada gazte gehiagok osatzen dute, baina kanpoan daudelako edo beste herriren batean ospatuko dutelako, zazpikote hori da aurtengo protagonista. Atzo arratsaldean poteatzera elkartu ziren eta kinto ospakizunak iragartzeko etxajuak bota zituzten. Ondoren afaltzera joan ziren.

Gaur eta bihar egun garrantzitsua da kintoendako. Neskak baserritar jantzi koloretsuak soinean dituztela aterako dira kalera. Mutilak, berriz, mahoizko prakak, ator txuria, bularraldea gurutzatzen dieten zapi koloretsuak, lepoan zapia eta txapela jantziko dituzte. Mutilek, gainera, eskuan hainbat zintarekin edertutako makila izanen dute. Batzuek eta besteek gainetik edo kaikua edo brusa beltza jantziko dute.

Kinto-eskea egiteko zazpikote gazteak brodatutako poltsak eramanen ditu eskuetan. Izan ere, horretan ariko dira gaur eta bihar. Zazpiak, Itxabela txarangaren laguntzaz, herrian barna eta industrialdean eskatzen ariko dira. Gaur iluntzeko pintxo-potearekin errazago izanen dute jendea kalean opatzea. Jasotako diruarekin bost egunetako ospakizunak ordaindu nahiko dituzte. Izan ere, gaurtik asteartera bazkari-afariak eginen dituzte. Ospakizunean opil bedeinkatu bana apaizari, medikuari, olaztiar adinduenari eta gazteenari ere oparituko dizkiote.

Denak
Kintoek olaztiarrei eskerrak emateko modua ere bada larunbaterako prestatu duten erromeria. Bidean taldeak, dantzarako musika jarriko du 19:30etik 22:00etara gaztetxean. Izan ere, Olatzagutiko kindata guztiek hitzordua jarria dute larunbaterako, bazkaltzera gelditu eta festa giroa izanen da herrian. Gauerditik aurrera elektrotxaranga bat ibiliko da bazterrak girotzen.