"Neskak gonbidatzen lehenengo kintoak izan ginen"

1970ko Olaztiko kintoak.

Santa Ageda ospakizunetan parte hartzen lehenengo emakumeak Olaztiko 1970ko kintakoak izan ziren

Kintoen gonbidapena jaso zuten eta gogoz hartu zuten. Angel Herrero eta Jesus Solas izan ziren gonbidapena egin zuten kinto horietako bi.

1. Noiz ospatu zenuten Santa Ageda?
1970eko otsailaren 5ean. 1949an jaiotako kintoak gara. 21 urte bete genituen urtean ospatu genuen. Garai horretan adin horrekin ospatzen zen; soldadutzara joateko urtean egiten zen. Santa Ageda ospatzen zen soldadutzara joateko neurriak hartzera deitzen zigutenean. Beraz, Santa Ageda ospatzen genuen kintoen saindua zelako. Ospakizunen hurrengo astean udaletxera deitzen ziguten neurriak hartzeko eta kintoen zozketa egiteko. Orduan, ez joateko argudioak eman genitzakeen: baxuak ginela, oin zabalak... Nik uste gaur egun ospatzen dutenak gaztetxoak direla, eta ez dakitela zergatik ospatzen den Santa Ageda.

2. Nola ospatu zenuten zuek Santa Ageda?
Soldadutzara joan behar ginenez, diru pixka bat lortzeko dirua eskatzera ateratzen ginen. Hemen jendea herriko orkestra batekin joaten zen, horrela ospatzen genuen. Bazkariak eta afariak egiten genituen eta lortzen genuen dirua gastu horiek ordaintzeko ziren. Agian ez zen iristen, izan ere, guk ere musika jartzen genuen plazan. Eguraldi txarra egiten bazuen frontoian. Udalak ez zuen musika kontratazioan parte hartzen. Musika gurea zen. Guk ordaintzen genuen. Beraz, nahiko dirua eskatzen genuen hori guztia ordaintzeko. Urte horretan 11 mutilek ospatu genuen Santa Ageda. Eta neskak beste hamaika izanen ziren. Batzuek ez zuten ospatu. Eta, gaur egun, kinto guztietatik lau falta zaizkigu hil direlako: Mari Carmen, Urbizu, Jose Mari eta Serafin.



3. Eta zein zen emakumeen papera?
Neskek ez zuten parte hartzen. Kafera gonbidatzen zituzten bakarrik, kintoekin kafean egoten ziren. Eta ez zuten askoz gehiago egiten. Eta gu lehenengoak izan ginen, gure kinta lehenengoak izan ziren, emakumean festan parte hartzera gonbidatzen. Ez Altsasun, ez Ziordian, Santa Ageda ospatzen zuten bi herrietan, ez zuten egin. Gu lehenengoak izan ginen emakumeak festan sartzen.

4. Nola eman zenuten urratsa?
Santa Ageda aurreko egunean afari bat egiten genuen, eta afari horretan erabaki genuen neskak gonbidatzea. Edo egiten genuen ospakizun guztietan etortzen ziren, edo ez ziren ezertara etortzen. Eta hurrengo egunean, goizean, neska batzuek zerbait bazekiten, beste batzuek ez zekiten ezer, eta banan banan komunikatzera joan ginen. Orduan, goizean mezara bederatzi kinto joan ginen eta gero arratsaldean neskak etortzen hasi ziren. Ez denak. Gainera, garai horretan bi maistra zeuden herrian eta 21 urte betetzen zituzten urte horretan, eta Santa Ageda egitera gonbidatu genituen. Egun horretan ez ziren bazkaltzera etorri klaseak zituztelako, baina asteburuan bai. Oso harro sentitzen gara lehenengoak izan ginelako.

5. Eta ordutik...
Gurekin goizetik atera ziren eta ordutik kintoekin goizetik ateratzen dira kintoekin. Urte horretatik aurrera ospakizun guztian parte hartzen dute.  

6. Neskek nola hartu zuten gonbidapena?
Oso ongi hartu zuten. Ez zuten espero. Eta gu oso harro gaude lehenengoak izateagatik. Neskek diotenaren arabera, desiratzen zeuden. Lehenengoak izan ziren. Olatzagutian kintoen tradizio handia zegoen arren, lehenengoak gu izan ginen. Oso gustura egon ziren. Harrigarria izan zen. Garari horretan egiten zen guztia zen harrigarria.  

7. Nola janzten zineten?
Koloretako brusa, zapiak, makila zapiekin dekoratuta, artile galtzerdiak eta abarkak. Nesken lehenengo urtea izan zenez, ez ziren modu berezian jantzi, agian, zapiren bat jantzi zuten. Baina hurrengoetan neskak janzten hasi ziren. Oso polita izan da.

8. Urtero ospatzen duzue Santa Ageda?
Herriko festa hoberena da. Kinto guztiak etortzen dira. 80 urteko kintoetatik 14 edo 15 urtekoetara. Kinto guztiak biltzen dira. Ohitura handia dago, eta Olatzagutian oso garrantzitsua da.  Denborarekin hainbat gauza galdu ziren. Santa Ageda egunean afaria egiten genuen. Egunean bertan ospatzen genuen. Batzuk ikasten ari ziren, beste batzuk lanean; baina afaltzera biltzen ginen otsailaren 5ean. Eta horrela urte batzuk egon ginen. Ondoren, igandean ospatzera pasa ginen. Festetako egun batean ere denak elkartzen gara. Duela hainbat urte erabaki genuen, nahiz eta edozein egunetan afaria egin, sainduaren egunean bazkaria egitea. Batzuk erretiratuta geunden, beste batzuk lanean. Baina festa egun bat gorde nahi ez duena da ez duelako nahi. Interesa baduzu, egun bat gordetzen duzu. Orain denak festan gaude, noski.

9. Zuek Santa Ageda ospatu zenutenetik ohitura aldatu da?
Aldaketa etorri zen soldadutza kendu zenean. Beraz, gazteak ez ziren eta ez dira soldadutzara deituak eta horregatik hasi ziren gazteagoak zirenean ospatzen. Gainera, lehen eskoletan eta edozer gauzetan neskak eta mutilak banatuta geunden. Gaur egun, aldiz, elkarrekin daude neskak eta mutila eta ezberdina da. Orduan Santa Ageda guztiak elurrarekin egiten ziren. Elurrak ez zuen hutsik egiten. Plazan dantzatzen zutenek elurra kendu behar izaten zuten aurretik.

10. Dantzatzen zenuten, beraz.
Bai, baina ez Santa Agedako dantzak. Ez ziren zortzikoak Altsasun bezala. Hemen dantzaldiak egiten genituen.

11. 70 urte betetzen dituzue 2019an. Santa Ageda ospakizun berezia da.
Baina garrantzitsuagoa datorren urtekoa izanen da. Santa Ageda egin genuenetik 50 urte beteko dira. Aurten akordeoilariarekin kalejira egin dugu, bazkaria egin dugu eta gero dantzaldira joanen gara. Ahal duenak afariarekin elkartuko du. Datorren urtean ikusiko dugu.