Duela bi urte Olatzagutiko herri-ihotea berreskuratu zela 25 urte bete ziren. Orduko ihote segizioan Olatzagutiako Zamarraundiak, Zamartxikiak, Neskak eta Mari Arroka batera beste inauteri batzuetakoak ibili ziren herrian barna: Zalduendoko Markitos, Altsasuko Momotxorroak, Urdiaingo Momoxarroak, Unanuko Mamuxarro eta Muttuak eta Avilako Navalosako Cucurrumachos-ak. Azken horiei bisita bueltatu zieten olaztiarrek. Behe Nafarroako Anhauzeko Basalduak egon ziren joan den urteko ihoteetan. Azken horiei olaztiarrek otsaileko bigarren asteburuan bueltatu zieten bisita.
Anhauztarrek oroitzapen ederra utzi zuten Olatzagutian. Adelaida Kintanak gogorarazi digunez, “asko disfrutatu genuen haien joareen dunbadekin, haien joan-etorriekin dantzatzen zuten bitartean eta haien maskara beldurgarri, ikaragarri, adardunekin”. Bisita otsailaren 9an eta 10ean bueltatu zieten olaztiarrek eta haien herri-ihote segizioko pertsonaiek. Larunbatean, bazkaldu ondoren, Zirtzilak, olaztiarrak lagun, baserriz baserri joan ziren, eta musika ere bazeramaten. “Baserrietan jakiak ematen zizkiguten. Anhauztarrak atsegin askoak dira. Zazpietan itzuli ginen herrira zamarroak jantzi behar genituen eta”. Anhauzeko ihote segizioa 20:00etan abiatu zen: “dunbak erritmo batean zebiltzan, suziri eta zuzien artean, gaueko iluntasunean argigarri. Atzetik Zamarraundiak eta Zamartxikiak baserrietako eta etxeetako jendea izutzen, Neskak eta Mari Arroka segika”. Larunbatekoa despedituta, bezperan jasotako jakiekin igandean “izugarrizko paellada egin zuten”, herriko salan.
Deialdia
Olaztiarrak Anhauzetik “indarberriturik” bueltatu ziren eta dagoeneko larunbatean ospatuko den herri-ihotea buruan dute. Ihoteetan parte hartu eta larruak nahi dituztenak udalari alokatzeko aukera izanen da atzera ere. Ostegunera arte banatuko dira, 10:00etatik 14:00ak arte. 13 urtetik gorako pertsonek dute lehentasuna, gazte eta helduen parte-hartzea bultzatzea baita asmoa. Larrua hartzen dutenek 20 euroko fidantza jarri beharko dute, hura itzultzean bueltatuko zaiena. Bestetik, urtero moduan egun horretan herri-bazkaria izanen da, ohiko tokietan izena eman beharko da.