Eskolako komunitate ereduaren berri zabaltzen

Guaixe 2019ko mar. 26a, 10:42
Emma Martinez Nafarroako Eskola Kontseiluko Jardunaldietan azalpenak ematen. Argazkiak: utzitakoak.

Nafarroako Eskola Kontseiluaren XXIII. Jardunaldiak pasa den astean egin ziren eta Olatzagutiko eskolako zuzendariak ikas-komunitate bihurtzeko emandako pausoak eta lortutako emaitzak azaldu zituen.

Nafarroako Eskola Kontseiluaren Jardunaldien astearteko saioan Olatzagutiko Domingo Bados eskola publikoko zuzendari Emma Martinezek parte hartu zuen. Komunitatea eta eskola izan zituen hizpide. Eta horretan Iruñeko Garzia Galdeano eskolako Migel Cosme zuzendariaren eta Komunikas sareko kidearen laguntza izan zuen. Azken horrek utopietan sinesteko garrantzia eta horiek lortzeko komunitatearen elkarlana beharrezko zirela gaztigatu zuen, “elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko”.

Ikas-komunitatea
Nafarroako 10 eskola dira Ikas-komunitate, Komunikas sareko kide. Foru geografia guztian barna banatutako ikastetxeak dira eta hezkuntza maila eta eredu guztietakoak dira. Horien artean sakandarrak daude. Cosmek azaldu zuenez, “denek amets edo utopia bera dute: haur guztiek edozein dela bere egoera soziala, kulturala edo pertsonala, eskubide eta aukera berdinak izatea beraien gaitasun guztiak garatzeko. Berdintasun amets bat non desberdintasuna ezaugarri aberats bat den”. Ikas komunitateak zazpi oinarri ditu: aniztasunean berdintasuna, eraldaketa, elkartasuna, zentzua sortzea, kultura, berdintasunezko elkarrizketa eta dimentsio instrumentala.

Jardunaldiak baliatu zituzten Komunikas sarearen logotipoa aurkeztu zuten. Cosmek argitu zuen sarea “hausnarketarako, berrikuntzarako, eta ikerkuntzarako sortutako” dela eta helburu duena: “ikaskuntza dialogikoaren eta baita, arrakastatsuak diren aktibitateak oinarri zientifikoen ikerketa eta zabalkuntza. Eta, bestetik, Nafarroan dauden hainbat eskola eraldaketa”.



Olatzagutiko adibidea
Martinezek Domingo Bados eskola publikoko komunitateak emandako pausoen berri eman zuen. Zuzendariak argitu zuenez, eraldaketa “gizartean diren aldaketei erantzuteko” egin dute. Izan ere, “informazioaren gizartean murgilduta gaude eta horrek eragin zuzena duelako eskolarekin.
Teknologi berriekin eta mundu guztiak erabili dezakeen informazio guztiarekin, eskolak bere funtzioa birplanteatu behar du”. Martinezek gaineratu zuenez, “fenomeno berri horrek, paradigma soziala aldatzen du eta, dagoeneko, ez da horren garrantzitsua ikasleen artean ematen diren interakzioak, baizik eta hainbat testuinguru edo ingurunetan ematen dena”.

Eraldaketa hori egiteko Olatzagutiko eskola Ikas komunitate bihurtu zen 2016-2017 ikasturtean. Eta bide horren berri eman zuen Martinezek. Lehenik, irakasleei, familiei, herriko eta ibarreko hainbat zerbitzuri egitasmoaren berri eman eta haien onarpena jaso zuten. Behin hori eginda, “ametsetako fasea” hasi zuten. “Ametsetako batzordean” Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuko teknikaria eta kultur bitartekaria, gaztelania irakaslea, Olatzagutiko kultur teknikaria, orientatzailea, bi guraso, bi ikasle, gela alternatiboko irakaslea eta zuzendaritzako kide batek osatu zuten.

Aste bat iraun zuen fase horretan, olaztiarrek euren ametsak hainbat posta-kutxatan sartzeko aukera izan zuten. Haiek sailkatu ondoren, hainbat gai lantzen zituzten batzorde mistoak sortu ziren. Alde batetik, euskararena, hizkuntzaren erabilera bai eskolan bai eskolatik kanpo sustatzea helburua duena. Batzorde horretan Olatzagutian euskararen alde lan egiten duten hainbat eragile daude.

Arautegi batzordean arautegi komun bat egin dute eta aurki indarrean sartuko da. Arautegi hori komunitateak egin du; familiek, irakasleek eta ikasleek elkarlanean aukeratu dituzte arauak. Inklusio batzordeak, berriz, harrera protokoloa sortu du eta haren bidez Olatzagutira etortzen diren familiei erantzun egokia eman nahi diete. Batzorde horretan udaleko eta mankomunitateetako hainbat eragilek parte hartzen dute, familiendako zerbitzu eskaintzaren berri ematen duena. Azkenik, jaiak eta irteerak daude. Horietan, hainbat familiak eta irakaslek parte hartuko lukete, urtean zehar hainbat ekintza antolatuz. Batzordeak hamabostean behin elkartzen dira. Ez dira finkoak, eskolak edo herriak dituen ametsen arabera moldatzen dira”.



Ekintzara
Martinezek azaldu zuenez, horren guztiaren ondoren “ekintza arrakastatsuak etorri ziren”. Horietako bat talde eragileak eta liburutegiak zuzendutako literatura tertuliak dira. 4 urteetatik Haur Hezkuntzako 6. mailara arteko haurrendako eskaintza horretan, banaka, klasikoak diren liburuak irakurtzen dituzte ondoren elkarrekin partekatzeko. Martinezek azaldu zuenez, 6. mailako ikasleek Oliver Twist liburua landu eta “haurren eskubideen urraketa modu bortitz batean nola ematen den irakurri zuten, horren inguruan hausnartu eta hitz egiteko aukera emanez”. Martinezek argitu duenez, saio horiek “euskaraz eta gaztelaniaz egiten dira. Komunitateko edozein pertsona etorri daiteke tertulietan parte hartzea. Astero izaten dira”.

Talde eragilearen bidez gela berrantolatzeko modu desberdina landu da: “talde txikietan lan egiten da, boluntario bat dago talde bakoitzean eta hark beraien arteko interakzioak bulkatzen ditu, beti ere, elkartasunean eta kooperazioan oinarrituta”. Bestetik, liburutegian Olatzagutira azken bi urtetan etorritako ikasleak egoten dira astelehenetik ostegunera. Saio horien bidez, hizkuntza eta matematika ikaskuntzan indartu nahi dituzte, “euren ikaskideen maila lor dezaten, inklusioa eta berdintasuna txertatuz”.

Zuzendariak argitu zuenez, “ikasturte honetan familia tertuliak hasi dira. Gure hizkuntza menperatzen ez duten familiek testuak itzuliak dituzte. Horietan familiei gehien arduratzen dien gaiez hitz egiten da”. Dinamikak, orokorrean, albiste idatzi bat du oinarri.



Lorpenak
Eskola ikas-komunitate bihurtuta lortutakoak nabarmendu zituen Martinezek. Alde batetik, 25 boluntario tertulia eta talde eragileetan parte hartzea. Bestetik, gela alternatiboko ikasleak eta 3 urteko haurrak goizeko lehen orduan elkarrekin erlazionatzen dira. Horretaz aparte, atsedenaldian elkarrekin dinamikak egiten dituzte. Aldi berean, Lehen Hezkuntzako ikasleekin hainbat proiektu lantzen dituzte, esaterako, zentzumen-ipuina sortzea. Gaur egun laguntzak gela barruan ematen dituzte, “inklusio hitzari beste balore bat emanez”.

Eskola komunitatearen ametsetako bat bete dela esan zuen Martinezek: 2 urtekoen gela martxan jartzea. “Martxan dagoen bigarren ikasturtea da. “Ezinbestekoa da udalaren parte hartzea, baita familien auzolanak ere”. Zuzendariak lorpen zerrendan gehitu zuen batzorde misto guztietan eskolako eragileak eta familiak daudela, eta haiekin herriko eta mankomunitateetako eragileak ere. Harrera protokoloaren martxan jartzearen garrantzia aipatu zuen. “Azpiegitura bat dugu euskara bultzatzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean aritzeko aukera ematen diguna”. Familia olaztiar berrien parte hartze aktiboa ere nabarmendu zuen, bai batzorde mistoetan, bai tertulian, bai talde eragilean.

Aldarrikapenak
Cosmek eta Martinezek jardunaldiak baliatu zituzten euren hezkuntza arloko aldarrikapenak edo “ametsak” plazaratzeko. Irakasleriaren behin-behinekotasunarekin bukatzea eta plaza finkoak eskatu zituzten. Irakasleei ikas-komunitatean inklusioa zer den ez den esatea amestu zuten. Aldi berean, Hezkuntza Departamentuari ikas-komunitateendako lege-esparrua eta lege babesa eskatu zioten. Hego Amerikan dagoenaren moduko unibertsitate prestakuntza berezia aldarrikatu zuten, “ non praktikako ikasleek eskola hauetan egon daitezken”. Biek ziurtatu zutenez, “Nafarroako ikas-komunitateak sortutako sareak amesteko aukera eman du, non elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko bidea eman digun”.