Cementos Portland Valderrivas enpresak Olatzagutiko lantegian sinatuta duen lan hitzarmena ez duela betetzen salatzen dute langileek. Enpresa batzordeko kideak zuzendaritzarekin urte bat daramate hizketan, lan hitzarmena bete dezatela eskatuz, “eta denbora pasa hala lan hitzarmenaren gero eta urraketa gehiago pilatzen ari gara. Enpresak lan hitzarmenetik interesatzen zaiona hartzen du, eta besteari kasurik ez dio egiten. Edalontziak gainezka egin du”. Enpresa Batzordeko (5 ELA, 3 UGT eta CCOO 1) presidente Ruben Garciaren azalpenak dira horiek.
Asteartean eta etzirako 24 orduko lanuzteak ELAk eta CCOOk deitu dituzte (54 boto alde, 19 kontra eta baliogabe bat). Enpresa batzordeko buruak jakinarazi digunez, herenegun porlandegia gelditu egin zuten, ekoizpena eta karga, “gutxieneko zerbitzuak eta zuzendaritzak egin zuen lan”. Aldeen arteko hurbiltzerik ez denez egon, asteartean egun osoko greba eginen dute atzera.
Lan hitzarmenaren urraketetako batzuk aipatu dizkigu Garciak: “hitzarmenari ez dagozkion lan egutegiak ematen dituzte; kontratazio berriei halako egutegiak ezarri nahi dizkiete; ilbeltzaren 15erako oporren egutegia izan behar genuen langile guztiok baina batzuk ez dute; egutegietan egiten dituzten aldaketekin aparteko orduak ordaintzeari utzi nahi diote…” Porlandegiko langileen ordezkariak azaldu digunez, 104 dira lanean. “Zuzendaritzak dio lan ona egiten ari garela, baina plantilla eskasa da, lan handia dago. Lana urtetik urtera igotzen ari da. Bi labeetako bat etengabe lanean ari da. Baina haiek ez dute lan hitzarmena betetzen”.
Garciak gogorarazi du duela hiru urte lan hitzarmena sinatzean “behetik” jo zuela aurreko enpresa batzordeak: “besteak beste, ordainketetako baten % 12,75 jaitsiera onartu zen eta pentsio plana kendu zen. Nahikoa ahalegin egin genuen”. Urtea despeditzearekin batera bukatuko da lan hitzarmena. Langileak hura berritzeko prest daude, baina guztiaz hitz egiten bada. “Guk konponbiderako eskua luzatua dugu, enpresaren ardura da orain”.