Udan Euskaraz, matrikula garaia

Guaixe 2019ko api. 1a, 09:44
Haur taldea ludoteka ondoan.

Gaurtik apirilaren 12ra arte eman daiteke izena 012 edo 948 012 012 telefonoetara hots eginez.

Olatzagutiko Udalak haurrendako udako goizeko euskarazko aisialdi eskaintza egin du, Udan Euskaraz. Aurten 2007 eta 2014 urte artean jaiotako haurrek eskaintzarekin parte hartzeko aukera izanen dute. Udalaren eskaintza garagarrilaren 24tik, San Juan egunetik, garilaren 18ra arteko astegunetan, 10:00etatik 13:00etara. Haurren gurasoek ordainketa izena emateko garaian egin behar dute, telefonotik edo diru sarrera zuzenean udalaren kontuan eginez. Azken aukera horren alde eginez gero, ordain agiria udaletxera eraman beharko da izen emate garaian.

Haur batengatik 35 euro ordaindu behar dira eta familia bereko 2 haur edo gehiagogatik 58 euro ordaindu behar dira. Ekonomia egoera larrian dauden familiek ez dute ordainketarik egin beharko. Horretarako, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostena jaso eta horrekin udalari eskaera aurkeztu beharko diote. Izena eman duenak baja eman nahiko balu, dirua soilik matrikulazio garaian bueltatuko du udalak. Horretarako, 012an edo udalean jakinarazi eta gero. Epez kanpo egindako izen ematerik ez du onartuko udalak.