Olaztiko mendi martxa igandean

Guaixe 2019ko mar. 29a, 08:07
Sutegi klubaren kirol astearen mendi martxa. ARTXIBOA

Sutegi taldeak antolatutako 29,56 km-ko ibilaldia goizeko 7:00etan abiatuko da plazatik

Olaztiko Sutegi klubak mendi martxa antolatu du Olaztiko inguruetan barna. Hasiera batean martxoaren 24an egitekoa zen ibilbidea, baina Altsasuko manifestazioagatik aste batera atzeratzea erabaki zuten.

Horrela, igandean goizeko 7:00etan jarri dute hitzordua Olaztiko plazan. Hasieran Altzania aldera joko dute: Auntzetxetik pasa eta Irumugaraino iritsiko dira, Lurgorrietatik Ziordira jaisteko. Ondoren, Ziordiko gasolindegira joko dute eta bertatik Urbasarantz joko dute. Ziordiko Portu Zaharretik igoko dira Gainsolera, eta bertatik Urbasara helduko dira. Aurrera eginez, Bargagain izango da hurrengo muga, eta handik Txondorretako bidea hartuko dute, Olaztiko Portu Zaharretik Olaztira heltzeko. Guztira 29,56 km-ko mendi ibilaldi bikaina egingo dute Sutegiko mendizaleek. Eguna borobiltzeko Kasinon bilduko dira babarrunak jatera.