"Niretzako gauza polita da kontzertu bat ematea"

Guaixe 2019ko api. 5a, 13:56

Xabi Bandini musikaria. CARLES GARCIA

Kerobia eta Anticontinente taldeetan egon ondoren, Xabi Bandini musikariak diskoa kaleratu du: 'Begibakar'. Gaur, ostirala, 22:30ean, kontzertua eginen du Olaztiko kultur etxean

Duela pare bat urte Anticontinente taldea Olaztiko kultur etxean egon zen. Anticontinente Kerobiatik sortutako proiektua izan zen. Eta, orain, Xabi Bandini Kerobia eta Anticontinente taldetako kideak bakarlari moduan diskoa kaleratu du. Begibakar deitu dio. Madrilgo 29 metro karratuko pisu batean grabatu du, bera bakarrik. Totem aretoan egindako kontzertuarekin hasi zuen bira Bandinik, eta horrekin Begibakar proiektua garatu zen. Olaztiko kultur etxean egonen da gaur, ostirala, 22:30ean, lan berria aurkezten.

Duela bost edo sei hilabete kaleratu zuen Xabi Bandinik Begibakar diskoa. Madrilera duela urte eta erdi joan zen eta bertan zuen pisu txikian "estudiotxo txiki bat" prestatu zuen. "Eta hor hasi nintzen pixkanaka gorpuzten joango zen disko bat. Horretan nago orain". Orain diskoa zuzenekoetan defendatzea tokatzen zaiola esan du Bandinik. Hortaz, Alberto Isaba Kerobian egondako baxu-joleak elkarrekin aritzeko animatu zuen Bandini eta bikoteari "lagun berri bat gehitu" zitzaien: Jon Etxabar musikaria. Begibakar diskoaren abestiak ez ezik, Kerobiaren abesti "enblematikoak; esna moldatu dituzte Isabak eta Bandinik, eta zuzenekoan interpretatzen dituzte.

"Pertsonai bat sortzen dut eta horren inguruan istorio bat egiten dut disko bakoitzean". Hortaz, Rose Escargot eta Supernovako pertsonaiak sortu zituen Bandinik. Begibakar "deituko diogun" pertsonaiaren istorioa sortu du: "piztiaren eta pertsonaren arteko zerbait da begibakar. Diskoak Begibakarraren desagerpena kontatzen du. Itsasontzi batean ikusten dute gero, eta, amaitzeko, espedizio bat egingo du".

Xabi Bandini bakarlari bezala hasi da orain, Kerobiatik "guztia" duela esan du, "Kerobiatik datorrelako". Hala ere, Begibakar disko sotila eta eta erraza dela dio Bandinik. "Gauza handirik gabe, bateriarik ez dago. Ahotsa dago. Kantu bat ahotsak eta ahotsak kontatzen duen istorioa da". Kontzertuetan azaltzen duen bezala "nahikotasuna" da orain bere hitza; hortaz, disko honetan gauza asko ez dituela gehitu du: "apaingarririk gabe".

Hasieran sortutako guzti hori, "ahaztu dut" eta zuzenekoetan sartu direnean "energia eta dantza" dago. "Ez dakit zenbat Begibakar dauden. Baina oso hunkigarria da hau". Izan ere, duela gutxi bere etxean egindako disko batekin hasi zen eta orain "oso ezberdin den gauza batekin" ari dira. Proiektua "kortserik gabe" garatzen ari dela dio. Beraz, zuzenekoak "elektronikoagoa eta dantzagarriagoa da". Gainera, gaur Olaztin "proiekzio polit batzuekin" lagunduta egonen da. "Niretzako gauza polita da kontzertu bat eskaintzea".

Sakanan musikaren inguruan dagoen mugimendua "mirestu" eta bertan dagoen "sormena" goraipatu du Bandinik. "Gozamena da Sakanako jendearekin lan egitea. Orain ekoiztetxearekin ari gara eta Sakanako jendea dago eta oso bizigarria da. Ideia asko dituzte burua eta oso profesionalak dira".

Erlazionatuak