Basoak eta bargak berdetuta, larre batzuetan belar bolak eginda, baratzetako lurra buelta emanda… Udaberria hemen da. Eta harekin eguzki ordu gehiago. Baratzeetan, edo balkoietan, landareak landatu eta etxeetan loreak jartzeko garaia bertan da. Eta langintza horretan laguntzeko Olatzagutiko Udalak 12. Lore eta Landare Azoka antolatu du domekarako. San Migel plazan hamar postu izanen dira. Horietaz aparte, Sarasate plazan, haurrek lore landaketa tailerrean parte hartzeko aukera izanen dute 11:00etatik 14:00etara. Eguna borobiltzeko, 19:00etan, Haize Berriak bandak kontzertua eskainiko du San Migel plazan.
Zer izanen da?
Segurako negutegikoen postuan baratzerako landareak, loreak eta lore-ontziak salduko dituzte. Arbeizako Alivia tailerrekoek aromaterapiako produktuak, yoga kuxinak eta zaku termikoak eskainiko dituzte. Aramako Urretabizkaia lore-dendaren postuan sasoiko landareak eta zuhaixkak izanen dira. Usurbilgo Urtineak lore eta landareak izanen ditu salgai. Aginagako Aranburu mintegiak, berriz, zuhaixka apaingarriak eta sasoiko landareak izanen ditu. Lasarte Oriatik etorritako Ines Flores Navarretek deshidratatutako haziak eta fruituak ekarriko ditu. Arbizuko Mikel Berastegiren postuan erlauntzetatik ateratako produktuak jarriko izanen dira salgai. Ortuberri Iurretatik etorriko da sasoiko loreak eta aromadun landareak saltzera eta, azkenik, Errenteriako Landarbaso mintegikoek sasoiko landareen eskaintza izanen dute.