Olaztiko festetako kartela aukeratzeko lehiaketa

Guaixe 2019ko eka. 3a, 09:04
2018ko Olaztiko festetako txupinazoa.

Ekainaren 18ra arte aurkez daitezke Santa Ana festetarako kartelak. Arbizun ere festetako haurren modalitateko kartel lehiaketa martxan jarri dute

Santa Ana festak iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Olaztiko Udalak. Festak uztailaren 26tik 29ra ospatuko dira, eta horrela agertu behar da karteletan. Izan ere, kartel lehiaketara aurkeztutako lanek Santa Ana 2019. Olazti. Uztailaren 25etik 28ra. Del 25 al 29 de julio testua izan behar dute. Gainera, lanek Olatzagutiko festekin lotura zuzena izan behar dute. Ekainaren 18an, asteartea, proposamenak aurkezteko epea amaitzen da.

Olaztiko festetako kartel iragartzailearen lehiaketan hiru kategoria daude: 11 urtera artekoa (2008. urtean jaiotakoak barne), 12 eta 14 urte bitartekoa (2007 eta 2005 urte bitartean jaiotako haurrak, biak barne), eta 15 urtetik gorakoak (2004. urtean eta aurreko urteetan jaiotakoak). Lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira eta egile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake. Plika sistema erabiliko da, beraz, lanek lema bat izan behar dute eta gutun azal batean egilearen datuak aipatuko dira.

Lehenengo kategorian saria 50 eurokoa izango da, bigarrenean 100 euroko eta hirugarrenean 150 eurokoa. Kultura eta Festak lan taldeko kideek osatuko dute epaimahaia. Informazio guztia: www.olazti.com-en.


Arbizun haurrendako lehiaketan
2018-2019 ikasturtean Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1. eta 2. mailan ari diren Arbizuko haur guztiek sanjuanetako kartel lehiaketan parte har dezakete. Arbizuko San Juanak 2019 ekainaren 23tik 29ra testua izan behar dute lanek. Lanak aurkezteko epea ekainaren 7an amaizten da, 14:00etan, eta proposamenak aurkezteko plika sistema erabiliko da. Sari bakarra izango da, margotzeko material sorta. Informazio gehiago: arbizu.eus.