Autoen kontzentrazioa hartuko du Olaztik

Guaixe 2019ko eka. 13a, 14:36
Sarasate plazan auto ederrak bilduko dira. Argazkia: Urbasako igoera, artxiboa.

Barandi tabernak antolatuta, Sarasate plazan izanen da, larunbatean, goizeko 11:00etatik 14:00etara

Automobilismoak Olaztin zaletu asko dituela ez da sekretu bat. Makina bat Urbasako igoera eta Olaztiko Rallysprinta antolatu izan dira bertan, eta haiei beste topaketa bat gehitu behar zaie, Barandi tabernak larunbatean, ekainaren 15ean antolatu duen Autoen Kontzentrazioa. Tabernaren ondoan izanen da, Olaztiko Sarasate plazan.

Goizeko 11:00etan hasiko dira autoak Sarasate plazara hurbiltzen. Denetariko autoak espero dira, antolakuntzaren esanetan 20tik gora, horietatik asko abiadurari eta lasterketei lotutakoak: Mitsubishi Lancer EVO, Ford Focus RS, BMW M3, Ford Sierra, Subaru… Auto ikusgarri horiek gertutik ikusteko aukera izanen da, pilotuek Barandi Tabernan hamaiketakoa hartzen duten bitartean. Ondoren, auto guztiak Urbasara igoko dira, eta ondoren Barandira buelta eginen dute.