Udalak 207.850 euroko inbertsioak eginen ditu

Guaixe 2019ko eka. 25a, 09:05
Olaztiarrak Zeharbide kaleko espaloiko lanetatik pasatzen.

Aurrekontuan jasotako lanei joan den urteko aurrekontuan jasotako lanak ere gehituko zaizkie.

Olatzagutiko Udalaren aurrekontuak aurten % 5 inguru egin du gora eta 1.915.180 euroko diru-sarrerak eta 1.908.880 euroko gastuak izanen ditu. Horien barruan, jakina, Musika Eskola eta kirol azpiegiturak kudeatzen dituen elkarte publikoa daude. Olatzagutiko Udalak joan den urtean 275.000 euroko superabita izan zuen eta diruzaintzan 1.943.000 euro ditu.

Legegintzaldiko azken aurrekontuak prestatzeko kontuan izan dituzten irizpideak azaldu dizkigu Mikel Azkargorta Boalek, aurreko alkateak: “zerbitzu publikoak mantendu eta hobetzea. Eta joan den urtean martxan jarri genituen parte-hartze aurrekontuak pixka bat indartzea. Gure ideia da urte batzuen buruan gauza asko herriak berak aukera ditzala”. Horregatik, parte-hartze aurrekontuen diru poltsa 20.000 eurotik 30.000 eurora pasa da. Non inbertitu erabakitzeko prozesua oporren ondoren izanen dela aurreikusi du Azkargortak, iraila aldera.


Joan den urtean aurreikusitako lan batzuk aurten ari dira egiten eta, horregatik, udalak aurten gastu handiagoa izanen duela azaldu digu Azkargortak. Argiteria publikoan LED argiak jartzen aurki hasiko ditu Aldakinek (237.009,58 euro) eta Zeharbide kalean oinezkoen segurtasunerako espaloia Arangoa kaletik Kamiogaina jubilatu elkarteraino luzatzeak (116.589 euro) udalari bi milioitik gorako gastua egitea ekarriko dio .

Inbertsioak
Alkate ohiak azaldu zigunez, “udal aldaketa dagoenez, genituen inbertsioak egitea eta aurretik genituenak mantentzea izan da irizpidea. Baina zertara bideratuko diren zehaztu gabe, esaterako, azpiegiturak berritzeko, kiroldegia hobetzeko edo energia eraginkortasunarena. Udal berriak erabakiko du zehazki zertan inbertitu nahi duen diru partida horiek”.

Baso lanetara 45.000 euro bideratu ditu udalak eta foru administrazioaren % 50eko diru-laguntza jasoko du. Batetik, Bargan pista berri bat eginen da eta, gainera, beheko basoko pista nagusia hobetuko da. Bestetik, joan den astean egur enkantea egin zuen udalak eta Azkargortak esan zuenez, “oso ongi atera da”. Dermioko bideak eta herriko kaleak hobetzeko 30.000 eurona izanen ditu udalak. Energia eraginkortasuna hobetzeko neurrietarako 25.000 euro aurreikusi dituzte. Udalak, bestetik, hiru langabetu kontratatuko ditu.

Olatzagutiko Udalaren diru sarrerei dagokienez, zergen bidez herena jasotzea aurreikusi du,  hau da, 637.100 euro. Nafarroako Gobernutik 542.440 euro. Egibil eta Koxkobilo harrobiengatik 301.000 euro eta Aldoiarkoagatik 71.040.

Erlazionatuak