Ikasleek porlandegia eta harrobia bisitatzeko aukera izanen dute

Guaixe 2019ko eka. 27a, 09:54
Egibel harrobia eta Olatzagutiko ikuspegia.

Nafarroako meatzaritza sektoreak meategietarako eskola bisiten programa proposatu du datorren ikasturterako, dohainik.

Nafarroako meatzaritza arloko bi elkarteek, AEMINAk (Nafarroako Meatzaritza Enpresen Elkartea) eta AFARIMEk (Nafarroako Agregakin Fabrikatzaileen eta Erauzketa bidezko Meatzaritza Industriaren Elkartea), Industria, Energia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, ikastetxeei zuzendutako meategietarako bisita-programa diseinatu dute 2019-2020 ikasturterako. Proposamenaren berri emateko Nafarroako Gobernuko Meategien Atalak informazio-gutuna bidali zien ikastetxeei astelehenean.

Ekimena Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta dago. Ibilbide eta hitzaldien bidez ikasleek bertatik bertara ezagutuko dituzte nolako neurriak hartzen diren ingurumenaren gaineko inpaktua murrizteko, nolakoa den meategi barneko egungo lana, eta zeintzuk diren meategietan lan egiten duten profesionalak. Horrela, erauzketa jarduerei buruz jaso ohi duten informazioa handitzeko aukera izanen dute.

Elkarteen eta gobernuaren asmoa da “argi uztea meatzaritza industria guztiak lehengaiez hornitzen dituen jarduera dela, izan ere, gizarteak erabiltzen dituen produktu guzti-guztiak, janaria eta zura izan ezik, meategiren batetik ateratakoak dira: aerosorgailuetatik panel fotovoltaikoetaraino, farmakoak, soroen ongarriak, ordenagailuak, etxebizitzak eraikitzeko materialak, ibilgailuak eta abar barne hartuz”.


Bisita daitezkeenak
Magnesitas Navarras harrobia, Eugin, eta Zubirin duen lantegia; Calinsa-LHOIST enpresaren agregakinen ustiategia, Tiebasen; Hormavasaren legar-hobia, Castejonen, eta Cementos Portland Valderrivas enpresaren harrobia eta Olatzagutian duen lantegia. Horiez aparte, Geoalcali enpresak Zangoza eta Xabier aldeko potasa meategia ustiatzeko egindako zundaketen laginak gordetzeko erabiltzen duen Zangozako nabea bisitatzeko aukera ere izanen da.



Ordezko edo osagarrizko jarduera gisa, ikastetxeei proposatu zaie meatzaritza arloko profesionalak ikastetxe edo institutuetara joatea jarduera horri buruzko dibulgaziozko hitzaldiak emateko, ikasle eta irakasleei gai horri buruz nahi bezainbeste galdera egiteko aukera eskainiz. Interesa duten ikastetxeek Nafarroako Gobernuko Meategien Atalarekin jarri behar dute harremanetan, 848 42 64 67 telefonoan edo minas@navarra.es helbide elektronikoan.