"Uretara bota behar bagara, aurrera"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko eka. 28a, 10:34

Eki Imaz gazte olaztiarra Olaztiko igerilekuetako sorosleetako bat izanen da uda honetan, lehenengo aldiz. UTZITAKOA

Igerilekuetako sorosle izatea da gazte askoren  udako plana. Eki Imaz 19 urteko gazte olatzagutarraren kasua da

Ikasturtean zehar Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari da, eta udan Olaztiko igerilekuetako sorosleetako bat izanen da

1. Zure lehenengo kanpaina da? Urduri?
Nire lehenengo aldia da sorosle bezala, eta Olaztin nago lanean. Aste bat daramat lan egiten, eta momentuz oso gustura. Urduri, ez. Aurretiko lanak ongi egiten badira, eta zure lana ongi egiten baduzu, ez da zertan ezer gertatu.

2. Zer egin duzu sorosle izateko?
Sorosle bezala lan egiteko titulu bat eskuratu behar izan nuen, sorosle titulua. Baita DESA edo desfibriladore titulua ere. Titulua lortzeko proba ezberdinak egin genituen, eta teoria landu genuen ere. Hiru asteburutan Gasteizen egin nuen.

3. Zerk mugitu zintuen sorosle izatera? Igeri zaletasuna zeneukan?
Egia esan ez dut inoiz igeriketa praktikatu. Udan lan egiteko aukera polita zela iruditu zitzaidan eta titulua lortu nuen. Sare sozialetan mezu bat irakurri nuen eta oso argi izan nuen; segituan apuntatu nintzen. Ivef ikasten ari naiz eta nolabait zerikusia dauka. Gainera, umeekin aritzeko eta etorkizunerako esperientzia polita da.

4. Olaztiko igerilekuetan bakarrik zaude?
Ez. Bi sorosle gaude eta txandaka gabiltza.

5. Sorosleak igerilekuaren aurrean egoten dira, zain. Baina zer lan egin behar ditu sorosle batek?
Gehien bat prebentzio lanak eta igerilekuaren mantenu lanak egiten ditugu. Filtroak garbitu, dena martxan jarri eta horrelako gauzak. Hori guztia egiten da arazoak ekiditeko.

6. Eguraldiak ez du orain arte asko lagundu. Zer egiten duzue eguraldi txarra egiten duenean?
Lehenengo aste hauek nahiko lasaiak izan dira. Baina orain eguraldi ona datorrela dirudi. Ea zer moduz joaten den dena. Orain arte dena martxan jartzen egon gara, igerilekua irekitzeko prestatzen.

7. Gutxi bizi izan duzu baina, jendea ongi portatzen ad da? Baloratuak sentitzen zarete?
Momentuz ondo. Orain jende gehiago etortzen hasi da, baina ondo. Ez dugu umeekin eta arazorik izan. Gustura gaude. Jendeak errespetatzen gaitu, eta ongi.

8. Umeak dira, beraz, arrisku gehiago dutenak?
Bai, noski. Haiek ez dute arriskua ikusten eta kontu pixka bat gehiago izan behar duzu. Baina momentuz arazorik ez dugu izan.

9. Jendea uraren arriskuaz konturatzen al da? Zer aholkatuko zenieke igerilekuetan primerako eguna pasatzeko?
Jendea orokorrean ongi portatzen da eta gustura gaude. Eta aholkuak, batez ere, sorosleak esaten duenari kasu egiteko eta arau guztiak errespetatzeko. Hori egiten bada, ez da arazorik egongo.

10. Filmetan ikusten diren erreskateak egitea tokatuko zaizkizu.
Aste bat daramanez, momentuz, anekdota gutxi. Eta espero dut horrelakorik ez gertatzea, baina egunen batean bota behar bagara, aurrera. Horretarako gaude.

11. Udako kanpaina bukatuta, sorosle bezala jarraitzea espero duzu?
Printzipioz ideia da bakarrik uda honetan lan egitea. Hiru hilabete egongo naiz. Urtean zehar ikasten ari naiz, eta ez dut lan egiteko denborarik.