Nafarroako musikaren panorama berria

Guaixe 2019ko uzt. 16a, 12:44
Baobabas Will Destroy Your Planet taldea. UTZITAKOA

Baobabs Will Destroy Your Planet taldeak kontzertua eginen du Olaztiko eskolako jolastokian ostegunean, uztailak 18, 20:00etan. Kultur 2019 udako programaren barruan eskainiko du kontzertua talde iruindarrak

Udako arratsaldeak eta gauak kulturaz betetzea du helburu Nafarroako Gobernuko Kultur 2019 programak. 1996. urtetik egiten da eta Nafarroako udalerri guztietara kalitatezko programazioa eramatea ahalbidetzen du. Programaren beste helburuetako bat, gainera, Nafarroako sortzaileak ezagutaraztea eta hainbat musika estilotako tokiko artistak sustatzea da. Sakanara bi proposamen ekarriko ditu 2019ko programak: uztailaren 18an, datorren ostegunean, Baobabs Will Destroy Your Planet indie taldea egonen da Olaztin eta uda bukaeran, irailaren 6an, Pink Tones rock taldea Altsasun izanen da. Gainera, Beietz! talde arbizuarra Izabako anfiteatroan kontzertua eginen du abuztuaren 9an.

Indie musika
Baobabas Will Destroy Your Planet talde iruindarra da. 2014an sortu zuten. Indie musikazaleak dira, eta Eneko eta Eymard taldeko kideak Kutxa Kultur musika festibalean "gustatzen zaigun" musika entzuten ari zirela, Enekori talde bat sortzea bururatu zitzaion: "esan zidan euskalduna zara eta gitarra jotzen duzu. Zergatik ez dugu egiten horrelako talde bat euskaraz? Hurrengo goizean, iritziz aldatu omen zuen galdetu nion, eta aurrera egiteko esan zidan". Hurrengo hilabetean grabatu zuten lehenengo maketa.

Printze Txikiaren esaldi bat da Baobabs will destroy your planet. Izen luzea eta kuriosoa. "Enekok hasieratik esan zuen izena ingelesez eta luzea izan behar zela. Bere gauzak dira". Gustatzen zitzaizkien gauzen artean Printze Txikia agertu zen.

Indie musika euskalduna egiteko sortu zen taldea. "Guri gustatzen zaigun musika da". Hortaz, doinu desberdinak eskaintzen dutela diote. "Aurretik ez zegoen euskaraz estilo honetan kantatzen zuen talderik". Talde iruindarra saiatu, "eta hasi ginen". Pop edo power pos estiloan mugitzen direla dio Eymardek.

Hasi eta jarraitu, izan ere, maketa Zarata Mondosonoro urteko EPa izendapena irabazi zuten. Gainera, Bilboko Kafe Antzokiko Gaztea sari berezia irabazi zuten ere. 2016an Abbey Road diskoa grabatu zuten Londresen. Eta iaz iritsi zen bigarren diskoa: Argiaren abiadura. Orain, lehenengo aldiz Kultur 2019 programan parte hartu dute, eta Olaztin mustuko dute parte hartzea uztailaren 18an, 20:00etan, Sarasate plazan.

"Aurreko batean Kultur-ren parte hartzeko deitu ziguten, baina datengatik eta lanagatik ezin izan genuen". 2019an "bultzada" iritsi da. Izan ere, linbo batean mugitzen direla aitortu du Eymardek: "mugitzen gara eremu batean non euskaldunek ez dute gure musika estilo hau asko entzuten, eta estilo hau entzuten duen jendeak ez duen euskal musika asko entzuten". Hala ere, ikustera joaten direnak "gustura" ateratzen direla esan du. "Gertatu izan zaigu kanpora joaten garenean jende gehiago egoten dela, izan ere, aurreiritzirik gabe-edo joaten dira". Zenbait tokitan euskaraz entzutea "exotikoa" ikusten dutela gaineratu du.

Aretoetan jotzera ohituta dago Baobabs will destroy your plantets taldea: Donostiako Dokan edo Bilboko Kafe Antzokian jo dute. Baina plazetan ere jo izan dute, Tolosan, esaterako. Sakanan lehenengo aldiz joko dute. Taldearen zaleek eta ikusleek diotenez, zuzenekoak "diskoak baina indartsuagoak dira". Izan ere, "bolumenak" laguntzen du eta agertokira ateratzen direnean asko disfrutatzen dutela esan du: "dena ematen saiatzen gara".

Indie musika euskalduna egiten du taldeak eta "panorama berri bat" eskaintzen dutela esan du abeslariak. "Egunerokotasuneko gauzei buruz hitz egiten dugu, baita sentimenduei buruz ere. Nahiko gaztetxoak gara, eta gure gauzei buruz hitz egiten dugu".