20. urteurrenetik gertu dago Kaotiko taldea. 19 urte bete ditu aurten, izan ere, 2000. urtean sortu zen Aguraingo taldea. Gaur egun, aguraindarrekin batera bi sakandar daude: Xabier Aldaz etxarriar bateria-jolea da eta Jon Morcillo olaztiar baxu-jolea. Bihar, osteguna, Olaztiko festetan, gauerdian, etxean joko du Morcillok. 00:00etan izanen da emanaldia, futbito pistan. Olaztiarra herrian egingo duten kontzertua iristeko "irrikan" dago. Olaztiko festak bonbazia handian hasiko dira.
"Urte asko herrian jo gabe eta oraingoan, gainera, Kaotikorekin. Berezia izango da". Familia eta lagun asko joango direla esan du Kaotikoko baxu-joleak, eta osteguna izan arren "Sakanako eta Lautadako jendea" joatea ere espero du. Herriko festak izan arren, "parranda gutxi" egiteko aukera izanen du Morcillok; izan ere, ostiralean Zornotzan kontzertua dute eta larunbatean Galiziara doazelako, A Coruñako Murosera kontzertua ematera.
Summer Tour 2019 bira egiten ari da Kaotiko taldea. Aprende Violencia diskoa kaleratu zuen urte hasieran, eta horren ondoren bira etorri da. "Oso ongi doa, jendearen aldetik ikaragarria izaten ari da, eta gu ere eroso sentitzen gara". Kaotiko zuzenean ikusteko talde bat dela esan du olaztiarrak. "Dena ematen dugu taularen gainean". Olaztin "gonbidatuta zaudete".
Etaba berria
Jon Morcillo olaztiarra 2014. urtean sartu zen Kaotikon. "Baxu-jolea uztekotan zegoen eta nigan pentsatu zuten Xabi Aldaz taldearen bateria-jolearen laguna delako". Olaztiarrarekin harremanetan jarri ziren eta hasieran erabakia "oso zaila" izan zela aitortu du Morcillok. "Stupenda Jones-en urte asko izan ziren, ez ziren taldekideak, lagunak baizik". Azkenean urratsa ematea erabaki zuen, eta "bost urte benetan izugarriak" izan direla esan du.
Stupenda Jones taldetik Kaotikora saltoa eman zuen olaztiarrak eta "aldaketa oso handia" izan da. "Stupenda Jones-ekin kontzertu gehienak Euskal Herrian ziren. Orain Estatuan mugitzen gara. Kontzertu asko, furgonetan kilometro asko...". Baina "oso abesgarria" dela esan du: "Almeria, Katalunia edo Albacetera joan, eta jendez gainezka dago". Lantalde "ederra" osatzen dutenez, "askoz errazago" egiten dela dena azaldu du. "Niretako horrelako bidaietan zailena familia etxean uztea da, izan ere, zure denbora da, zure bizia gustuko duzunagatik ematen ari zara". "Zaila" dela aitortu du.
Evaristoren letrak
2019aren hasieran diskoa kaleratu zuen Kaotikok. Estudioan grabatutako bederatzigarren diskoa da. Evaristoren laguntza izan du Kaotikok Aprende Violencia sortzeko, izan ere, letrak idatzi ditu. "Evaristok harreman oso estua izan du Kaotikorekin, eta letra idazteko aukera agertu zenean, ez genuen inongo zalantzarik izan. Idazteko duen modu, bere arloan, niretako onena da".
Morcillok Kaotikorekin egin duen bigarren lana da Aprende Violencia. Olaztiarrarendako "abesgarriagoa" izan dela esan du. "Gehiago ezagutzen genuen elkar, eta oso erraza izan da elkarrekin lan egitea". Abestiak lantzea "betidanik" gustatu izan zaiola esan du olaztiarrak, "eta disko honetan posible izan dut hori egitea".