Noski baietz! goitibeherak Olaztin

Guaixe 2019ko uzt. 25a, 12:11

Olaztiko festen egitarauaren barruan larunbatean, 17:00etan goitibeherak antolatu dituzte Sakanana Motorsportek eta Olaztiko Gazte Asanbladak

Sakana Motorsport eskuderiak eta Olaztiko Gazte Asanbladak Goitibeherak antolatu dituzte Olaztiko festetan, larunbatean, 17:00etan, ʺNoski baietz!” lelopean. Aspaldiko ohiturak berreskuratu eta goitibeheren espiritua sustatu nahi dute antolatzaileek, burua eta irudimena astintzearena, eta goitibehera prestatu eta bertan parte hartzeko gonbita egin die sakandarrei.

Parte hartzeko, larunbatean 16:00etatik aurrera Olaztiko gaztetxetik pasa beharko da, bertan izena emateko. Proba herrikoia da, eta bi kategoria ditu, helduena eta haurrena. Aurreko urtean berreskuratu zuten goitibehera proba, eta haurren mailan 20ren bat goitibehera eta helduenean 12 goitibehera inguru aurkeztu ziren. Aurreko urtean izandako arrakasta ikusita antolatu dute aurtengoa, eta bertan parte hartzeko deia egin diete sakandarrei. ʺSakandar guztiak euren goitibehera prestatzera animatu nahi ditugu. Goitibeheren espiritua sustatu nahi dugu, burua eta irudimena astintzearena, daukazunarekin moldatzearena”.

Olaztiko goitibeherak larunbatean 17:00etan hasiko dira, San Sebastian auzotik Ornako zubira. Herri guztia gurutzatzen du ibilbideak eta kilometro pasatxokoa da, nahiko luzea.