Estrasburgok atzera bota du Gurmindoren senideen eskaera

Guaixe 2019ko uzt. 27a, 12:12
Otsaportillon Anjel Gurmindo Lizarraga egindako omenaldia 2008an.

Estatuaren indarkeriaren biktima izan eta Espainiak kalte ordainak ukatu dizkie. Europako auzitegiak uste du kalte-ordainak ukatu izanak ez duela urratu biktimen errugabetasun presuntzioa.

GALen edo BVE-en biktima izandakoen senideek Giza Eskubideen Europako Auzitegian demanda aurkeztu zuten, Espainiako estatuaren indarkeriaren biktima izanagatik ere, kalte-ordainak ukatzen dizkielako. Helegitea aurkeztu zuten indar parapolizialek hildako biktimen artean dago Ignacia Lizarraga Albaburu olaztiarra, Anjel Gurmindo Lizarragaren, Steinen, ama. Gurmindo 1984 otsailaren 8an hil zuen GALek Hendaian, Bixente Perurenarekin batera.

1999an onartutako legearen ondorioz, kalte-ordainak jaso zituzten. 2011n beste lege bat onartu zen eta bere egiten zuen 1983ko Indarkeriazko Krimenen Biktimak Erreparatzeko Europako Hitzarmena. Europako araudian agertzen da biktimei kalte-ordaina kendu edo murriztu ahal zaizkiela baldin eta biktima horiek “indarkeriazko ekintzak egiten dituen erakunderen batekin harremana” badute. Horretan oinarrituta, biktimak ETAko kideak zirela argudiatuta, Espainiako Gobernuak uko egin zion senideek eskatutako kalte-ordainak ordaintzeari 2012an. Senideek auzibidera jo zuten, Estrasburgoko auzitegira iritsi arte, argudiatuz biktimak ETAkoak zirenik ez dagoela frogatuta, ez baitzituzten ez epaitu ez zigortu, eta errugabetasun-presuntzioa urratzen zelako.

Estrasburgoko auzitegiko epaileek atzera bota dute senideen eskaera. Eta argudiatu dute errugabetasun-presuntzioari dagokion Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 6.2 artikulua kasu horietan ezin dela aplikatu. Artikulu hori “delituak egotzitako” pertsonendako dela dio. Aipatu dute kalte-ordainak emateko prozedura “administratiboa” dela, zigor prozeduratik “guztiz desberdina dena. Eta gaineratu dute kalte-ordaina eman edo ez erabakitzeko Espainiak epai irmoak ez diren beste zantzu eta frogak erabiltzea. Hala ere, azken horrek ez du esan nahi errugabetasun presuntzioa urratzen denik, biktimei ez zaielako zigor arloko akusaziorik egiten.

Baina biktima horiei kalte-ordainak ematearen edo ukatzearen egokitasunaz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du ezer ebatzi. Horregatik kritikatu du epaia Eusko Jaurlaritzak eta kalte-ordainak ukatzeak “biktimen arteko berdintasun printzipioa” urratzen duela salatu du. Sortuk, bestalde, “sinestezintzat” jo du ebaztea kalte-ordainak ukatzeak ez duela errugabetasun presuntzioa urratzen: “orain arte horrelako baieztapen larririk ez da egin; biktimak umiliatzeko baino ez du balio”. Egiari Zor fundazioko kideendako epaia “mingarria” izan da, GALeko eta BVE-ekoak “bigarren mailako biktimak” gisa utzi dituelako. Aldi berean, giza-eskubideen urraketak jasan dituzten guztiek “erreparazio bera” izan dezatela eskatu du.